Elkar elikatzen duten bi herri

Gipuzkoako HItza 2018ko urtarrilaren 26a

Zumaian ehundik gora gazte aritu dira elkartasun karabanako elikagaiak biltzen; 3,5 tona bildu dituzte, iaz baino 300 bat kilo gehiago. (Darahli Elkartea) Hilabete barru abiatuko da elikagaiz betetako karabana Euskal Herritik Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpalekuetara. Sei trailer, kamioi zurrun bat, bi autobus, bi anbulantzia eta 220 tona oinarrizko produktu eraman zituzten iaz, eta are gehiago eraman nahi lituzkete aurten. Horregatik, azken asteotan buru-belarri ari dira lanean saharar errefuxiatuei laguntzea helburu duten elkarteetako boluntarioak. Baita Zumaiako Darahli elkartekoak ere. Joan den astean egin zuten bilketa herriko ikastetxe eta saltokietan, eta, Samuel Ruiz elkarteko koordinatzailearen arabera, "gustura" daude emaitzarekin. "Ehundik gora gazte jardun dira lanean, eta 3,5 tona bildu ditugu, iaz baino 300 bat kilo gehiago". Bilketak eragindako lanak bukatu dituzte, baina oraindik ere badute zer eginik. Izan ere, Aste Santuan Zumaiako 85 bat ikasle eta begirale Tindufera joango dira hango egoera bertatik bertara ezagutu eta hango herritarren bizi kalitatea hobetzeko hainbat lan egitera. Eta bidaia hori finantzatzeko, zesta-punta jaialdia antolatu dute biharko. Lau pilotari handi ariko dira lehian Zumaiako Aitzuri pilotalekuan: Iñaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil, Mikel Egiguren eta Eric Irastorzaren aurka. Enbilek iragan abenduan jokatu zuen profesionaletako azken partida, baina biharko partidarekin esango dio agur bi hamarkadako ibilbideari. Aurretik, zesta-punta eskolako pilotari gazteek jokatuko dute partida. 19:00etan hasiko da jaialdia, eta 10 euroan eros daitezke sarrerak, Zumaiako turismo bulegoan, Aitzuri frontoian, Lubaki kiroldegian, BQD Bidaiak agentzian eta Sei Zortzi tabernan. "Sarrera polita" izango dutela aurreratu du Ruizek. Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide