Igandean jokatuko da Zumaiako VII. Mushing Lasterketa

Baleike.Eus 2018ko urtarrilaren 26a

11:00etan hasiko da lasterketa. (Baleike) Zumaiako VII. Mushing Lasterketa antolatu dute iganderako. Iaz bezala, aurten ere Basustagainean prestatutako zirkuituan jokatuko dute. Aurten, txakurkros modalitatea bakarrik izango da, eta Euskal Ligako partehartzaile onentsuenak Zumaian izango direla aurreikusi dute antolatzaileek. Iazko lasterketaren ondoren jasotako iritzi positiboak kontuan hartuta, aurten ere Basustagainean antolatu dute proba. Aurreko bost aldietan San Lorenteko zelaigunean jokatu zen txakur krosa. Gune hura, ordea, labaina gertatzen zen, eta herrirako jaitsiera arriskutsua zela ondorioztatuta, antolatzaileek lasterketa lekuz aldatzea erabaki zuten. Iaz egin zen lehen lasterketa Basustagainean eta korrikalariek aldaketa txalotu zuten. Izen garrantzitsuak Euskal Ligan aritzen diren izen onentsuenak izango dira igandeko lasterketan: Jose Felipe Larrazabal, Gaizka Aretxaga, Fabian Castro, Jon Gonzalez eta Mikel Etxeberria zumaiarra irteera puntuan egongo direla espero dute antolatzaileek. Pedro Etxeberriaren parte hartzea zalantzan dago, osasun arazoak tarteko. Junior mailan hutsik egingo ez duena Kimetz Etxabe zumaiarra izango da. Iaz Munduko eta Espainiako txapeldun izandakoak etxean garaipena lortu nahiko du. Izen-ematea irekita dago Herrikrosa.eus atarian. Igandean, 11:00etan abiatuko dira korrikalariak eta txakurrak. 8.300 metroko distantzia bete beharko dute. Irteera Aitzuri kalean izango dute, Alai auzategian; helmuga, berriz, metro gutxira, Aizkorri kalean, Branka eraikinaren parean. Aurretik, 09:00etatik 10:30era, albaitaritza kontrola pasatu beharko dute. Lasterketa amaitu ondoren, haurrentzako saioak izango dira. Izena bertan eman behar da, euro baten truke. Proba bukatutakoan Zumaiako Herri Eskolan egongo dira dutxak. Eskolako atarian aparkatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide