Zumaian Euskaraldia antolatzeko talde eragile zabala sortu nahi dute

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko urtarrilaren 26a

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko den proiektu honetan herrigintza eta administrazioa elkarren eskutik helduta joango dira. Ekimena aurkeztu dute Zumaian, bilera irekian

Antton Peñalba Euskaraldia aurkezten, Zumaian. (Izaskun Urbieta) Euskaraldia Euskal Herri mailako ekimen jendetsua izatea espero da urte bukaeran. Hala, eskualdean ere herriz herri hasi dira pixkanaka proiektua antolatzeko lehen pausoak ematen. Esaterako, Zumaian Euskararen Aholku Batzordeak lehenengo bilera irekia egin zuen asteazken arratsaldean. Antton Peñalba Euskararen Aholku Batzordeko kideak bileran esan bezala, "hizkuntza ohiturak aldatzeko epe luzeko lan progresiboa da, eta, gainera, pertsona eta entitateen erantzukizun partekatua izango da». Hain zuzen ere, Euskaraldia ekimenaren bultzatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Euskaltzaleen Topagunea dira. "Aspaldiko partez, herrigintza eta administrazioa bidelagun izango dira, eta hori zoriontzekoa da, elkarren eskutik helduta joatea garrantzitsua baita", azpimarratu zuen. Iazko Euskararen Egunaren bueltan aurkeztu zuten Euskaraldia Bilbon, eta helburu garrantzitsuenen artean, euskararen erabilera sustatzea du. Izan ere, 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza %33,9koa da; erabilera, aldiz, %13,4koa. "Euskararen erabilera ez da ezagutza bezain beste hazi azken urteetan. Ez dugu euskara ahoetara ekartzen". Euskaraldia 11 egunez egingo den ekimena da, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Aurretik, ordea, zenbait herritan eta auzotan egin dituzte antzeko proiektuak: Lasarte-Orian, Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Arrigorriagan... "Arrakasta izan dute, batez ere, tokian tokiko errealitatera hurbildu direlako, ekimen kolektiboa izan delako, babes soziala izan dutelako eta egiteko moduak eta prozesuak izan dutelako garrantzia. Askotan, gainera, errepikatu ere egin dute", azaldu zuen Peñalbak. Euskaraldiak ez du euskara biziberritzeko estrategia definitiboa izan nahi, ez eta euskararen aldeko beste jai bat ere. Azken helburu gisa du 365 egun euskaraz egitea. Peñalbak esan bezala, "euskarak guztion parte izan behar duela jabetu behar gara, eta horretarako, egunerokoan eragitea da garrantzitsua. Nahiz eta zaila eta deserosoa gerta daitekeen, pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzea da gakoa". Parte hartzeko moduak Euskaraldia bere oinarrian erronka bat izango da, eta Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin izango du leloa. Bi motatako parte hartzaileak egongo dira: ahobiziak eta belarriprest. Lehenengoek ulertzen duenari euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta baita ezezagunei lehen hitza euskaraz egitekoa ere. Bigarren multzoko partaideak, berriz, euskaraz entzuteko prest egongo dira, nahiz eta beraiek, gaztelaniaz zein euskaraz erantzungo duten. Ekimena azaroaren amaieran bada ere, Zumaian otsailean hasiko dira lehen pausoak ematen. Hala, datorren hilean, euskararen inguruko hitzaldi zikloak egingo dituzte. Besteak beste, Imanol Azkue eta Kike Amonarriz izango dira hizlarietako bi. Hitzaldi sorta horien ondoren, anitza izango den talde eragile bat sortzeko asmoa dago Zumaian. "Martxoan, herri moduan Euskaraldian izena emateko asmoa dugu, eta udaberrian eta udan informazitzeko eta girotzeko ekitaldiak egingo ditugu", aurreratu zuen asmoa Peñalbak. Azkenik, udazkena, norbanakoek izen-emateko garaia izango da. "Zumaia herri euskalduna eta euskaltzalea da, baina ez dago euskal sare garrantzitsurik. Beraz, sarea indartu beharra daukagu. Horretarako, gazteen parte hartzea ezinbestekoa da; izan ere, gure herriaren kasuan, haurrak eta gazteak dira hain zuzen euskara gehien erabiltzen dutenak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide