Herri Eskolak 0-2 urtekoen eskaintza hartuko du bere baitan

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko urtarrilaren 23a

Zumaiako Haurreskolak eta Herri Eskolak elkarlanerako akordioa sinatu dute. Herriko "Euskal Hezkuntza Publikoari jarraipena ematea" dute asmoa.

Akordioa sinatzeko ekitaldian irakasleak, gurasoak eta udal ordezkariak izan ziren. (Izaskun Urbieta) Zumaiako Herri Eskolak eta Haurreskolak egin duten akordio berriaren sustraietara joateko 24 urte atzera egin behar da.  "Garai hartan elkartu ginen Zumea Ikastolako eta Institutuko hainbat guraso eta irakasle. Guztiok helburu bat genuen: zumaiarroi kalitatezko eskola publiko euskalduna, berritzailea, inklusiboa, anitza, autonomoa eta gizartearen etorkizuneko aldaketei aurre egingo ziona eskaintzea", azaldu zuen ostiraleko akordioa sinatzeko ekitaldian Antton Peñalbak, ekitaldiaren aurkezleak. Orain bi eskolek egin duten akordioari esker, garai hartako asmoa osatu dute: Zumaiako Herri Eskolak 0-2 urteko eskaintza hartu du bere baitan. Oier Korta Zumaiako alkatearen iritziz, "udalarentzako hezkuntza garrantzizko alor bat da; izan ere, Zumaiako etorkizuna ere bertan irudikatzen da. Beraz, akordio hau orain arte egindako lanari jarraipena emateko aitortza da". Maribel Ibargurenek Zumaiako Herri Eskolako HHko eta LHko zuzendariak ere horretan ipini zuen gakoa: "Akordio honi esker jarraipena ziurtatuko da. Sinatuko ditugun asmo hauek hezkuntzaren inguruko erreflexio baten ondorio dira". Ibilbidea luzea izan dela azaldu zuten; baina, bide horretan, harremanak "estutu eta sendotu" egin dituzte. Hala, lotura horiek irakasleen arteko koordinazio lanetan, proiektu pedagogikoetan eta lantaldeetan eman dituzte. Horren barruan egindako erreflexioetan osatu dute 0-2 etaparen bateratzea. "Gure euskal eskola publikoari osotasun batean, elkarlanean eta elkarrekin ikasiz ekin nahi diogu. Azpimarratzekoa da ere Zumaiako Udalak  gurekin hartu dituen zenbait konpromiso", gaineratu zuen Ibargurenek. "Haurra guztiaren oinarri" Sinatze ekitaldian Arrangoletako koordinatzailea den Ihintz Linazisoro eta Eskola Txikiko koordinatzailea den Maite Huertos  izan ziren. Haur hezkuntzako lehen etapa 0-3 urte bezala identifikatzen da. "Gure kasuan, ordea, 0-2 urte bitartekoa egiten dugu, eta 3 urteko hori pixka bat zintzilik gelditzen zela konturatu ginen. Askotan sentitu dugu 0-3 adin tartea, gure etapa, ezikusia eta zentzu batzuetan gutxietsia. Ezaugarri eta behar berezi batzuk ditugu, eta horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da. Ondorioz, eskolarekin batera elkarlanean aritzea garrantzitsua iruditzen zaigu", azaldu zuen Huertosek. Batzearen irabazle nagusia ikaslea izango dela uste dute, haurra delako guztiaren oinarria: "Akordio honen bidez lagunduko dugu haur autonomoak, esperimentatzaileak eta askeak hezten. Irakasleak bidelagunak izango gara, eta hori lortzeko zer pauso eman edo zer rol hartu behar dugun jakitea izango da gure betebeharra". Antton Garikanok Institutuko zuzendariak ere hartu zuen hitza, elkarlanaren alde eginez: "Ikasleen ibilbide naturala errazteko bideak errotzea garrantzitsua da. Guztiok dugu barnean su bat, eta distira hori beti piztuta egotea bermatu behar dugu: adibidez, haurrak  inolako traumarik ez izateko eskolaz aldatzean". Denen onerako lan egin beharra aldarrikatu zuen Garikanok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide