Linaza erakusketara ekarritako obra batzuekin, Oxford aretoan. (Izaskun Urbieta)
Aurten Alondegian erakusgai jarriko den lehen erakusketak badu sakontasunetik eta konplexutasunetik zerbait. Alegoria kontzeptua oinarri hartuta, Genoveva Linazak, Vevak, azken urteetan gaiaren inguruan aztertu eta ikertu duenaren emaitza da Alegoriak ez du gorputzik izenburua duen erakusketa. "Proiektu berri bat da, eta bertan ikusiko ditugun lanak duela bi urtetik hona egindakoak dira", aipatu du Linazak.
Erakusketan margotzearen prozesua azpimarratu nahi du. "Nire lan egiteko modua metatze prozesu bat da. Pixkanaka-pixkanaka geruzak eraikitzen joaten dira euskarrian, eta metatze prozesu hori irudikatzea da nahia", nabarmendu du artistak.
Alegoriaren kontzeptua sinbologiarekin uztartzen da askotan, baina Linazaren ustez, alegoria oraindik urrunago doa. "Historian zehar asko idatzi da kontzeptu horren inguruan, eta esaten da ez dela sinbolo bat bakarrik. Alegoriaren ideia, irudi, koadro edo dena delakoetan agertzen ez diren gauzek osatzen dute. Ez da sinbologia bakarrik. Oso misteriotsua da", gaineratu du. Hala, bere diziplinara ekarrita, ideia horrekin bat egiten du Linazak bere lanean. Hau da, ideia batekin hasten da lanean, baina zerbait eraikitzen edo gorpuzten duenean, esanahia berarekin joaten da. "Alegoria da ideia edo keinu bat garraiatzea eta beste modu batean eraikitzea. Nolabait gorputza hor dago, baina bere mamia edo esanahia berekin doa. Beste modu batean esanda, artista batek sortutako gorputzean sinbolo bat agertzen da, baina hortaz sakontzen baduzu konturatzen zara ez dela sinboloa. Alegoriak ihes egiten du sinbolotik. Zerbait gehiago da, nolabait desagertu egiten da".
Pinturaren inguruko hausnarketa bat da Oxford aretoan jarri duen erakusketa, eta metatze prozesua mahai gainean jartzea du helburu. Margolan bakoitzaren azpian ez du kartelik jarriko Linazak. "Prozesuaren mugimendu hori azpimarratu nahi dut. Erakusketaren sarreran lanaren nondik norakoa azaltzen duen testu bat jarriko dut. Alegoriari buruz ni neuk idatzitako testu bat, eta lagungarria izango da erakusketa ulertzeko".
Izan ere, Linazaren ustez, alegoria historian zehar eraikitzen joan den kontzeptua da. "Historian zehar garatzen eta metatzen joan diren ideiak biltzen dira bere esanahiaren barnean. Guk zerbaiten emaitza ulertzen dugu oinarri edo sustrai bat eginda dugulako. Orduan, alegoria ez da bakarrik sinbolo bat, metatze prozesu bat ere bada. Azkenean, hasieran zen gauza, ideia edo irudia bukatutakoan beste emaitza bat izaten da, hasierako ideia hori joan egiten baita. Niri pinturarekin hori gertatzen zait".
Naturarekiko zaletasuna
Bihartik otsailaren 4ra bitartean egongo da Linazaren lana erakusgai Alondegiko Oxford aretoan, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; eta jaiegunetan, 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Guztira, ehunean egindako zortzi bat koadrok eta paperean egindako beste horrenbestek osatzen dute lana. Horietatik batzuk tamaina handiko obrak dira, eta guztiak kolore biziz jantziak. "Tailerrean, margotzen dudan bitartean, kolore biziak erabiltzen ditut; hori eskatzen dit gorputzak. Oso lan koloretsua atera zait, biziegia akaso", kontatu du Linazak, barrez.
Naturaren presentzia oso garrantzitsua da Linazaren obra guztietan, eta bihartik erakusgai jarriko duen proiektuan ere agertzen dira zaletasun horren zantzuak. "Askotan naturara gauzak aztertzeko hurbiltzen naiz. Margotzeko garaian, paisaiak dira askotan nire abiapuntua. Adibidez, proiektu honetako papereko lanetan paisaia hartu dut margotzeko oinarrizko ideia bezala", azaldu du.
Hala ere, natura biziaz gain, natura hilaren kontzeptua ere garatu du beste lan batzutan. Ganbarako egunak izeneko proiektuan esaterako, etxeko ganbaran osatutako seriearen asmoa zen ganbararen eta margotzearen metatze prozesua uztartzea. "Barruko espazio batean —ganbara batean, kasu hartan— egin nituen obrak natura hilak ziren. Beraz, natura hila eta biziaren arteko lanketa bat egitea gustukoa dut".