Ostiraleko ekitaldiko irudi bat. (Oikia2018)
Ekainaren 10ean, Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatuko dute Zumaiako Oikia auzoan, eta joan zen ostiralean festaren aurkezpen ofiziala egin zuten dozenaka lagunek, herritarrak aktibatzen hasteko asmoz. Logotipoaren koloreak zituzten puzgarriekin jolastuz egin zuten ekitaldia herritarrek, eta, horrez gain, azken 31 urteetan egiten den festa "herri-bizitzaren motor nagusietako bat" dela azpimarratu zuten Oikiako eskolako guraso eta irakasleek. Gainera, eskola txikien jarduna goraipatu zuten: "Gu oso harro gaude egiten dugun lanarekin eta iruditzen zaigu bai Oikiako Eskolan eta bai beste eskola txiki guztietan ere kalitate altuko hezkuntza ematen dugula. Urte askotan zehar, aurreiritzi asko egon da eskola txikiei buruz, baina azkenaldian bai gurasoak eta bai gizarteak orokorrean, balio handia ematen die. Talde txikiak direlako, edota familiak gertu-gertu daudelako. Herriarekiko harreman hori oso estua da, eta horrek eskolako lehen urteetan sekulako balioa du. Eta guretzat erronka da hezkuntza modu horri eustea herri eta auzo txikietan".
Oikian egingo duten Eskola Txikien Jaiari dagokionez, berriz, "eskola komunitate osoaren eta herritar guztien artean aurre egin beharreko erronka" dela azpimarratu zuten, eta guztientzat "ikasketa prozesu kolektiboa" izango dela esan zuten. Izan ere, festa prestatzeko lan ugari dituzte aurretik, eta dagoeneko martxan jarri dituzte antolaketa lanetan arituko diren honako batzordeak: zerbitzuak eta trafikoa, salmentak, ikuskizunak, komunikazioa, ekonomia eta koordinazio orokorra. Adierazi dutenez, batzorde horiek oinarrizko lantaldea dute, baina interesa duen edonork har dezake parte. Horrez gain, apiriletik aurrera laguntzaile gehiago beharko dituztela eta, deialdi gehiago egingo dituzte orduan, eta festaren aurreko azken txanpan lagundu dezaten, herritarrei luzatu zieten deialdia.