"Kolore gorriaz haratago, auzoko jendea janztea da nahia"

Izaskun Urbieta Esnal 2018ko urtarrilaren 11

Angolako hiriburutik gertu dagoen altzairu fabrika batean egiten du lan Joakin Aristik. Auzoko herritarrak gorriz janzteko asmoz, diru bilketa jarri du abian

Jexux Eizagirre eta Joakin Aristi kamisetarekin eta itsulapikoarekin. “Izaskun Urbieta) Arraun zaletasunak elkartu zituen Joakin Aristi eta Jexux Eizagirre, eta zaletasun horren ondorioa da Angolako auzo bateko jendea gorriz janzteko sortu zaien ideia. Istorio honen hasiera, ordea, 2016ko urrian kokatzen da. Orduan, Luanda hiritik 45 kilometrotara dagoen altzairu fabrika batera lan egitera deitu zuten Aristi. Hasieran, lanbidea erakusteko asmoz joan zen, baina probatu eta bertan jarraitu zuen lanean. Lehenengo etapa hura hiru hilabetekoa izan zen, eta herrira itzuli zen. Baina 2017ko otsailean berriro joan zen hara. "Ekainera Zumaiara itzuli eta berriro uztailean joan nintzen. Lehen aldian hainbat euskaldun joan ginen, orain, ordea, gutxi gelditzen gara. Azpeitiar bat, pasaitar bat eta ni", azaldu du Aristik. Errege egunean itzuli zen Zumaiara, eta hilaren 25ean joango da berriro Afrikara. Angolako Barra do Dande herrixkan dago Aristik lan egien duen lantokia. "Kartzela bezalakoa da. Fabrika dago, eta inguruan daude gure etxeak. Hori guztia itxitura baten barruan eta segurtasunarekin", kontatu du. "Aldamenean auzo bat dago. Txaboletan bizi dira, miseria gorrian. 500 bat pertsona bizi dira bertan. Hiruzpalau taberna daude, eta han ibiltzen gara gustura. Bertako jendea ezagutu dugu, eta izugarrizko harremana egin dugu". Kultur aniztasun handia dago enpresan, herrialde desberdinetako langileak dabiltza bertan lanean: indiar asko, turkiarrak, filipinarrak… Handia da, 600 bat behargin ditu. "Hemendik hainbat lagun joan zen hara lanera, baldintza onak eskaini zizkigutelako; baina, egia esan, errealitatea ez da horrelakoa izan", adierazi du Aristik. Zumaiarra enpresa barruan pasatzen diren arrazismo eta bidegabekeria gertaerekin «amorratzen» da askotan. "Adibidez, bakoitzak bere etxea dugu han, bungalow antzerakoa. Angolarrak, berriz, etxe bakoitzean seinaka bizi dira. Lantegiko jangelan ere bereizketa egiten dute: zurientzako bat dago eta beltzentzako beste bat. Guri, zurioi, ura eta ogia ematen dizkigute, beltzei ez. Nik hori ezin dut ikusi", nabarmendu du. "Misiolari lanean" Iazko udaberrian, hango herriko auzoko zenbait haur Zumaiako arraun taldeko kamisetak jantzita agertzen ziren argazki bat bidali zuen Aristik. Argazki hartan, Telmo Deuneko banderak ere agertzen ziren. "Oroigarri bezala eraman nituen, hango etxean jartzeko; azkenean, ordea, auzoko taberna batean ipini nituen". Zumaiarrak arraunean ere jarri ditu hango bizilagunak: "Arraunaren nondik norakoak azaldu dizkiet, bideoak erakutsi… Arraunean ere jarri genituen lurraren gainean, eta Zumaiako himnoaren zatiren bat abesten ere badakite zenbait auzotarrek". Hogei egunetarako etorri da Zumaiara, eta, orain, Jexux Eizagirrerekin batera, auzoa gorriz janzteko kanpaina jarri dute martxan. "Gure helburua 50 kamiseta gorri eramatea da. Horretarako, herriko tabernetan itsulapikoak jarri ditugu jendeak bere aportazioa egin dezan", kontatu du Eizagirrek. Aristik kontatu duenez, behar handia dago auzo hartan. Umeak hanka-hutsik ibiltzen dira, jatekorik gabe, arroparik gabe, hondarra eramaten dute ahora, baita botilen txapak ere... "Berak ez du esango, baina misiolari lanak egiten dabil Joakin han", nabarmendu du Eizagirrek. "Beti duzu buruan zer ikusiko ote duzun, zerekin aurkituko zaren, baina ezin da imajinatu ere egin han nola bizi diren", aitortu du Aristik. Hogei itsulapiko jarri dituzte tabernetan, baina beste hamar ipintzeko asmoa dute. Zumaiako, Zestoako eta Azpeitiko hainbat tabernatan jarri dituzte. "Momentuz harrera oso ona izan dugu, bai jendearen aldetik eta baita arraun taldetik ere. Arraun taldekoei batzarrean komentatu nien eta pozik hartu zuten ideia. Ilusioa egiten die auzo hori gorriz janztea", adierazi du Eizagirrek. Auzoa gorriz zipriztinduko du Aristik hara bueltatzen denean, baina ekimen honen helburu nagusia, kamiseten kolorearen gainetik, auzoko jendeari arropa ematea da. "Umeak janztea da nire nahia. Arropak, oinetakoak… denetik behar dute. Nire neurrian, eta eskura ditudan baliabideekin, hango jendea lagundu nahi dut". Angolara iritsi orduko, kamisetak banatu eta argazki bat ateratzeko konpromisoa hartu du Aristik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide