Gaur jakingo da Xey erosteko proposamenik aurkeztu ote den

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 9a

Abuztuaren 2an itxi zen ofizialki enpresa, eta bertako 140 langileak kalean gelditu ziren. Enpresaren ondasunak erosteko hautagaitzak aurkezteko epea gaur amaitzen da

Xeyko 140 langileak kalean gelditu dira abuztuaren 2an enpresa ofizialki itxi zenetik. (Gorka Zabaleta) Xey enpresa abuztuaren 2an itxi zen ofizialki eta bere langile guztiak kalean gelditu ziren, baina oraindik ere hartzekodunen lehiaketa ez da amaitu, eta gaur arteko epea dago ondasunak erosteko eroslerik ba ote dagoen jakiteko. Administratzaile lanak egiten ari den Norgestion taldeak bi zatitan banatu ditu enpresako aktiboak, epailearen oniritziarekin. Alde batetik, Xey marka eta makinaria jarri dira salgai, eta, bestetik, pabilioia. Gaur jakingo da batean zein bestean interesa agertu duen eroslerik ba ote dagoen. Joan den uztailaren 5ean jakinarazi zien enpresako zuzendaritzak langileei enpresa ixteko txostena aurkezteko erabakia hartu zutela. Enpresak zorrei –30 milioi eurotik gora– aurre egiteko gaitasunik ez zuela argudiatu zuen zuzendaritzak, eta inbertsore berririk gabe, enpresa likidatzea beste aukerarik ez zela gelditzen. Langileek orduan ez zuten erabakia onartu, eta azpijokoan ibiltzea leporatu zioten zuzendaritzari. Enpresako zuzendaritzak eskatutako sakrifizio guztiak onartu zituztela gogorarazi eta jarritako helburuak betetzen ari zirela jakinarazi zuten langileek. Haien iritziz, enpresa bideragarria zen erabat eta zuzendaritzaren erabakia ez zen onargarria. Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere gogor kritikatu zuten langileek, enpresaren %30aren jabe izan arren, ez zuelako zuzendaritzaren lana behar bezala gainbegiratu. LAB sindikatua oso kritiko azaldu da gaur egungo egoeraren aurrean, eta pertsonak diruaren gainetik jartzeko eskatu du: "Proiektu industrial bat eta lanpostuen bermea jarri behar dira diru guztiaren gainetik, pertsonak diruaren gainetik. Proiektu berri bat martxan jar daiteke. Erosleren batek langileak hartzeko konpromisoa hartuko balu, eskaintza hori lehenestea eskatzen dugu. Lanpostuen aukera ekarriko lukeen proiektua litzateke onena denontzat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide