Xeyren likidazioan "enplegua bermatuko lukeen proiektua" lehenestea eskatu du LAB sindikatuak

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 4a

Urtarrilaren 9an amaituko da hartzekodunen lehiaketaren lehenengo fasea, eta orduan jakingo da enpresa erosteko interesdunik badagoen edo ez. LABek jakinarazi duenez, administratzaileak enpresako aktibo osoak bi multzotan likidatzea aurreikusi du

Xeyko langileen agerraldia, uztailean, Oikiako lantegiaren aurrean (Juan Luis Romatet) Zumaiako Xey lantegia itxita dago joan zen abuztuaren 2az geroztik, eta urtarrilaren 9an amaituko da hartzekodunen lehiaketaren lehenengo fasea. Beraz, orduan jakingo da enpresa erosteko inor aurkeztu den ala ez. LAB sindikatuaren arabera, "denbora gainera datorkigun honetan, lanpostuen eta espekulatzaileen etorreraren inguruan gure kezkak areagotu baino ez dira egiten". Izan ere, sindikatuak adierazi duenez, lehiaketako administratzailea den Norgestion taldeak, "epailearen onespenarekin", aurreikusi du enpresako aktibo osoak bi multzotan likidatzea: bata makineriari eta markari dagokiona,  eta bestea pabiloiari dagokiona. LABek erabaki hori salatu du, "espekulatzaileei ateak zabaltzen" dizkiolakoan. "Aukera egongo da, egiten den eskaintzaren arabera, Xey marka enplegurik sortu gabe erabiltzeko —ez baitute langileak kontratatzeko obligazioarik ezarri marka erabili ahal izateko— edo pabilioia erosteko". "Ahalik eta diru gehien ateratzera" zuzendutako plana dela deritzo LABek. Hain zuzen, erabakiak "lanpostuak sortzea" eta etorkizunera begira "proiektu erakargarri bat izatea" oztopatuko duela azpimarratu du. Horren aurrean, "diruaren gainetik" pertsonak lehenetsi ditzatela aldarrikatu dute: "Erosleren batek lantegia hartzeko konpromisoa hartuko balu, eskaintza hori lehenestea eskatzen dugu. Lanpostuen aukera ekarriko lukeen proiektu bat izango litzatekeelako irtenbide onena langileentzat, hartzekodunentzat eta eskualdearentzat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide