Janire Gonzalez-Etxebarri (facebook).
Sari hauek, iaz, Zakila Bira lasterketaren atarian eman ziren. Aurten ez da lasterketa hori izan eta urte amaierako karrerara eraman dute udal kirol arduradunek.
Gizonezkoetan Kauldi Odriozolak, Bidasoa Iruneko eskubaloi jokalariak jasoko du. Espainiako selekzioarekin munduko txapeldun izan da junior mailan eta Asobal Ligako debutante onenaren sariak jaso ditu, besteak beste. Aste honetan bertan, Gipuzkoako kiroletako kazetarien elkarteak emandako Gipuzkoako kirolari onenaren saria jaso du Kauldik.
Emakumezkoetan, Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak jasoko du saria. Bere gaztetasunean, hainbat sari jaso ditu denboraldi ahaztezin honetan. Horien artean aipagarriak dira 14 urtez azpikoen Espainiako txapelketa, 12 urtez azpikoen Euskadiko txapelketa eta 12 urtekoen Europako txapelketa. Open mailan ere aritu da eta behin baino gehiagotan igo da podiumera.
Lasterketa
Bihar eguerdian jokatuko da VIII. San Silvestre lasterketa. Hasteko, 12:00etan, haurren lasterketak jokatuko dira. Benjaminek eta aurrebenjaminek 250 metroko lasterketa egingo dute, gurasoekin batera. Ondoren, alebin eta infantilen txanda izango da. Hauek 1.100 metroko karrera izango dute.
Sari-banaketaren ondoren, 12:30ean, helduen lasterketa izango da. Hauek 5 kilometroko lasterketa izango dute. Gaur da izenak emateko azken eguna, Lubaki kiroldegian (943 862 021).
Ohikoa den bezala, karrera herrikoia izanda, saririk ez da izango, baina bai parte-hartzaile guztien artean egindako oparien zozketa. Aurten, lasterketaren aurretik egingo da zozketa eta sarituen izenak panel batean erakutsiko dira. Zortedunek, behin lasterketa amaituta jaso ahal izango dituzte opariak.