Zumaiako bertso eskolak aldatu egin du aurtengo Gabonetako lehiaketa, eta ohiko bertsoaren ordez, gai librean bi kopla idaztea proposatu die herritarrei. Bota Bi Kopla! txapelketa Asier Etxaniz zumaiarrak irabazi du, eta hark Bittarte erretegian otordua eskuratuko du.
Honako bertso hauei esker irabazi du txapelketa Etxanizek:
"Zorionak? (Doinua: Egun da Santi Mamiña)
1.- Argi eta apaingarri
dendak erosle egarri
ta bitartean, kale gorrian
eskalea hotzez larri.
2.- Erregalorik ezean
ama lotsatu antzean:
'semetxo lasai, helduko dira
ziur datorren urtean'."
Herritarrek aurkeztu dituzten kopla onentsuenekin bilduma osatuko du Bertso Eskolak eta larunbatean Oxforden egingo den saioan banatuko dute, baita kaxak egon diren tabernetan ere. Larunbateko saioan kantatzekoa zen Nahia Sasco gaixo dago, eta haren ordez Aitor Servier arituko da. Harekin batera honako bertsolari hauek ariko dira: Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Beñat Jauregi, Maider Arregi eta Txaber Altube. Gai-jartzaile lanak, berriz, Bertol Etxabek eta Eire Salegik egingo dituzte. Sarrera hiru euro ordaindu beharko da, eta aurrez eros daitezke turismo bulegoan.