Astelehenean eman zieten lehenbiziko onespena UKUEko 2018ko aurrekontuei.
Hilaren 18an onartu zituzten behin-behinean Urola Kostako Udal Elkarteko 2018ko aurrekontuak, EAJ, PSE-EE eta Irabazi Zarautzen babesarekin. EH Bildu abstenitu egin zen, "gabeziak izanagatik, hainbat proiektu interesgarri ezinbestekotzat" jotzen dituztelako eta ez dutelako nahi horien gauzatzea "oztopatu".
Lehenik eta behin, Urola Kostako EH Bilduk argitu du lerro "benetan interesgarriak" badaudela, euren babesa dutenak. "Begi onez ikusi ditugu Uemarekin lankidetzan burutuko den proiektua, turismoan euskarak lehentasunezko presentzia izan dezan, edo lan duin eta iraunkorra bultzatzeko martxan jarri genituen laguntzak mantentzea", nabarmendu dute.
Hondakinak biltzeko sistema berria gauzatzeko partida ekonomiko nagusia ere jasotzen dute aurrekontuek, baina atal horretan, "behar beste baliabide bideratzea ezinbestekoa" dela adierazi dute eskualdeko EH Bilduko ordezkariek: "Arrakasta izango badu eta dagoeneko sistema hori erabiltzen duten eskualdeetako esperientzia ikusita, ezarpen fasean indar berezia egin behar da".
Zentzu horretan, ezarpen fase horretan 10 hezitzaile behar direla azpimarratu dute, eta hala eskatu diote EAJri. "Atzera bota dute eta lau hezitzaile eta koordinatzaile bakarra ariko dira bost herrietako 20.000 etxe eta 700dik gora saltokietan. Aldaketa guztietan bezala, sistema berri baten eraginkortasunaren gakoetako bat ezarpen fasean jartzen diren baliabideetan dago eta hori izan da gure proposamenaren arrazoia".