«Belaunaldien arteko erreleboa ikusiko da nire agurrean»

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko abenduaren 21a

21 urtez zesta-puntan aritu ostean, etzi esango dio agur gorengo mailari Durangon. Urtarrilean, ordea, Zumaian izango du azken partida; Darahliren aldeko ongintzazkoan.

Gotzon Enbil. (Sara Utrera) Noiz erabaki duzu profesional izateari uztea? Duela pare bat urte hasi nintzen buruari eragiten. Iaz pentsatu nuen uztea, baina World Tourreko txapelketa irabazi nuen Egigurenekin. Ongi sentitu nintzen, eta beste urtebeteko kontratua eskaini zidatenez, baietz esan nien. Aurten ez dut denboraldi ona egin. Fisikoki ongi aurkitzen naiz, baina denbora askorik ere ez daukat entrenatzeko. Uste dut sasoi ona dela uzteko. 1996ko urrian debutatu zenuen. Zer ikasi duzu ibilbide honetan? Gauza asko ikasi dut. Hasi nintzenean 19 urte nituen, ume bat nintzen, eta pilotari eskerrak ia dena ikasi dut. 24 urterekin joan nintzen AEBetara, eta han bizi izan nintzen 13 urtean horrek dakarren guztiarekin. Horrez gain, pilotak jende asko ezagutzeko aukera eman dit, eta lagun onak egin ditut. 2002an joan zinen Daniara, eta 2015ean bueltatu zinen etxera. Zaila izan zen hara joateko erabakia hartzea? Hasieran probatzera joan nintzen, bost hilabetez. Udan Euskal Herrian jokatzera bueltatu nintzen. Bitartean, nire andregaia etorri zen oporretara. Etxera bueltatu nintzenean hemen gelditu edo AEBetara joatea erabaki behar izan genuen. Azkenean, urte guztirako hara joatea pentsatu genuen. Ondoren, urtero-urtero joan nintzen nire kontratua sinatzen. Neguan han jokatzen nuen, zortzi hilabetez, eta udako denboraldian hona etortzen nintzen. Zure bizitzako 13 urte joan-etorrian pasatu dituzu. Nola eramaten da hori? Ondo, egia esan. Eguraldiari dagokionez, adibidez, primeran. Hemengo neguan han egoten ginen, eta han klima ona dago. Udan, berriz, etxera etortzen ginen. Beraz, oso ondo. Horrez gain, gustatzen zitzaidan gauza bat egiten bizi nintzen. Zorte handia da gustukoa duzun zerbait egiten hainbeste urtez bizi ahal izatea. Gainera, emaztea ere han izatea laguntza handia izan zen. Egia esan, 13 urte horietan oso gustura egon ginen. Bost urtez jarraian (2002tik 2007ra) munduko txapeldun izan zinen Goikoetxearekin. Sasoi ona nuen, eta joko aldetik ere oso ondo ibili nintzen. Goikoetxea eta biok elkarrekin hartu genuen parte txapelketa horietan guztietan. Biok ibili ginen oso ondo, baina bost jarraian irabazteko, nahiz eta ongi egon, zorte pixka bat ere behar da: lesiorik ez izatea, jokoz ongi ibiltzea... Ez dakit, oso zaila da bost urtez jarraian irabaztea. Iaz, hainbat urtez munduko txapelketa irabazi gabe, Egigurenekin lortu zenuen titulua. Orain, Jai Alai World Tour deitzen zaio, eta asteburu honetan jokatuko diren partidak, aurtengo txapelketako finalerdiak eta finala izango dira. Iaz, Donostian izan zen finala, eta Goikoetxearen aurka jokatu nuen. Berez, beste atzelari batekin lehiatu behar zuen hark, baina titularra lesionatu eta ordezko batekin jokatu zuen azkenean. Zortea alde izan genuen, eta, azkenean, irabazi egin genuen Egigurenek eta biok. Larunbatean esango diozu agur pilota profesionalari Durangon, eta bertan, debutari batekin jokatuko duzu. World Tourreko finala izango da, eta horren atarikoa izango da nire partida. Hala, agurtzeko aukera izango dut. Roke Alberdi gaztearekin jokatuko dut, eta, egia esan, ilusio handia egin dit. Zerbait sinbolikoa da. Hor ikusten da belaunaldien arteko erreleboa; bere debuta eta nire erretiroa. Ni hasi nintzenean ere hala izan zen. Pilotarien agur askotan jokatu nuen. Orain, beste gazte batzuk datoz, eta hauei lekua utzi behar zaie. Zein egoeratan utziko duzu zesta-punta? Nik uste dut bultzada bat behar duela. Hala ere, iruditzen zait jende asko dagoela lanean dagoeneko. Gogoa eta ilusioa dago. Elkartasuna eta denok batera alde berdinera arraun egitea behar da. Nik ikusten diot etorkizuna; batez ere, hemen, Euskal Herrian. Hala ere, Mexikon ireki da orain frontoia, lau hilabeteko denboraldiak egiten dituzte bertan, eta gazteak ateratzeko aukera polita da. Urtarrilean herritarren aurrean agurtzeko beste aukera bat izango duzu. Darahliren aldeko ongintzazko partida jokatu dugu Aitzuri pilotalekuan urtarrila amaieran. Datorren urtean Saharako kanpamentuetara joango dira, eta han gauzatu behar dituzten proiektuetarako dirua bilduko dugu. Oso aukera polita da zumaiarrengandik agurtzeko, eta nola ez, bide batez, herriko talde baten proiektuari laguntzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide