50 urtez, kirola bultzatzen

Maialen Etxaniz 2017ko abenduaren 8a

Ospakizunetan da aurten Zumaiako Kirol Elkartea. Klubak futbolarekin hasi zuen bidea, baina pilota izan du ardatz. Garai oparoak eta zailak igarotzea egokitu zaio.

Mende erdia bete du aurten Zumaiako Kirol Elkarteak. Nahiz eta hastapenetan futbolean nahiz eskubaloian egin zituen aurreneko urratsak, urteotako ibilian pilota izan da elkartearen ardatza eta oinarria. Hurrengo asteko zapatuan, abenduaren 16an, ospatuko dute urtemuga, egitarau bete-betearekin. Bada kirolerako zaletasunik Zumaian, eta horretan badute zerikusirik herriko kirol elkarteek. Ia denak garai bertsuan hasi ziren aurreneko urratsak egiten, 1967tik 1975era, Francoren diktaduraren azken urteetan, hain zuzen. 1967an sortu zen Club Deportivo Zumaia, gaur egun Zumaiako Kirol Elkartea dena. Eta ordurako, kirola herriratzen hasita ziren Zumaiako beste hainbat talde edo norbanako ere. Pulpo eskubaloi taldeak urteak zeramatzan hainbat kirol ekitaldi antolatzen; hondartzan plaieroak egiten zituzten; arraunean ere aritzen ziren herritar batzuk; pilota oso zabalduta zegoen; eta herri kiroletan ere aritzen ziren. Horrez gain, 1960ko hamarkadan bazen atletismo talde bat ere. Kirolerako zaletasunaren aurreneko garrak ordurako piztuta bazeuden ere, Zumaiako Kirol Elkartearekin sortu zen sua. Garai hartan Zarautzen bazen kirol elkarte bat. Antolaketa txukuna zuten haiek, eta zumaiarrek inbidiaz begiratzen zieten. Izan ere, herrian zaletasuna zegoen arren, antolaketarik gabe aritzen ziren taldeak. Gainera, gaztetxoentzat ez zegoen ia eskaintzarik. Horren jakitun ziren Javier Carballo, Ignacio Letamendia eta Juan Mari Zearreta zumaiarrak, eta kirol elkarteko aurreneko zimenduak jartzeko lanean hasi ziren. Sasoi hartan, 60ko hamarkadan, Zumaian bazen kirol arloan nabarmentzen zen lagun talde bat, eta haietako bat zen Angel Aperribai. Carballok, Letamendiak eta Zearretak harengana jo zuten zuzenean. Sei bat lagun elkartu ziren aurreneko batzarrean, eta buruan zeukaten ideia gorpuzten hasi ziren. 25 lagun elkartu ziren bigarren bilkuran, eta orduantxe eratu zuten elkartearen lehen zuzendaritza batzordea. Gaur egun, Jexux Iribar da klubeko presidentea. 50 urteko ibilian, Iribarrek lau urte egin ditu kargu horretan, baina gertutik ezagutu du elkartearen ibilbidea. "Balorazio ona" egin du atzera begira jarrita. Jarraitu Gipuzkoako Hitzaren webgunean erreportajea irakurtzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide