Herritarren ekarpenak jasotzeko bilerak egin zituzten azaroan. (Juan Luis Romatet)
Datorren urtera begira aparkalekuen erregulazio sistema herri osora zabaltzea da udalaren helburua, eta horretarako azaroan egindako bileretan jasotako ekarpenak eta proposamenak aztertzen ari dira. Ordenantza berriaren lanketa egiteko, zinegotzi eta teknikoez gain, herritarren presentzia bermatu nahi du udalak. Horretarako, izena emateko aukera zabaldu dute posta elektronikoz,
mugikortasuna@zumaia.eus helbidera idatzita, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte bi parte hartzaileak. Abenduaren 11ra arte dago zabalik izena emateko epea.
Era berean, ostalariek eta merkatariek ere ahotsa izango dute mahai teknikoan, ordezkari banarekin, haien interes eta ideiak ere kontuan har daitezen. Hiru bilera ere egin ditu udalak sektore horiekin aurtengo udan, sistema martxan egon den bitartean.
Udalak adierazitakoaren arabera, udan jasotako datuak onak izan dira eta, "zenbait alderdi hobetzeko badaude ere", positibotzat jo du aparkalekuaren erregulazioaren lehen fasea. Behin mahaia osatuta, erregulazioa herri osora zabaltzeko lanketari emango zaio hasiera. Dokumentua osatzen dutenean, herritarrei aurkezteko saio irekiak antolatuko dituzte. Udalak aurreikusi duenez, 2018ko lehen hiruhilekoan onartuko da ordenantza berria udal plenoan, ekainerako indarrean jarri ahal izateko.
Lehen zirriborroa
Datorren urteari begira aparkalekuen erregulazioa herri osora zabaltzea da udalaren helburua eta nahia. Lehen zirriborroan landutakoaren arabera, Basadi, Aita Mari, Alai, Axular eta Estazioko auzoko aparkalekuak egoiliarrentzat gordetzea proposatzen du udalak. Errotazio altuko gune gisa (90 minutu), Osasun Zentroaren aurreko gunea eta Alai auzoko Eroskiren aurreko aparkalekua planteatu ditu. Egonaldi ertaineko (6 ordu) gune gisa, aldiz, Aita Mari futbol zelaiko atzealdea eta itsas kiroldegiko aparkalekuak.
Puntanuetako eremuari dagokionez, garaje pribatu ugari daudela aintzat hartuta, aparkaleku batzuk egoiliarrentzat gordetzea eta beste batzuk libre eskaintzea proposatu du udalak.
Sistema berria indarrean sartzen denean, poligonoko bizilagunek ezingo dute erdiguneko egoiliarren guneetan aparkatu, ezta alderantziz ere: erdiguneko bizilagunek ezingo dute poligonoko egoiliarren eremuetan aparkatu, alegia. Errotazio altuko eta egonaldi ertaineko guneak erabili ahal izango dira horretarako.
Erdiguneko aparkalekuen antolaketari dagokionez, aldaketa txiki batzuk egitea proposatu du udalak; esate baterako, Zubitxikiaren eta Moilaberriko zubiaren arteko gunea errotazio altuko bilakatzea, merkatariek hala eskatuta, edota autobusek buelta ematen duten lekutik Arranplarainoko tartea egonaldi ertainekoa izatea.
Horrez gain, kanpoko aparkalekuak erdigunearekin lotzen dituen zerbitzuak indartzea ere proposatu du Zumaiako Udalak; hala nola, bigarren txalupa bat jartzea edota herrian barrena zerbitzua emango duen autobusa alokatzea.