Jon Maia: "Aurrekoa erorketaren txapelketa izan bazen, jaikialdiarena izan da hau"

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko abenduaren 7a

Bertsolari zumaiarra ez da izango hilaren 17an BECen jokatuko den finalean. Atarian gelditu da, zortzigarren postuan, eta horrek zapore gazi-gozoa utzi dio.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko 4. finalaurreko saioa. Durango (Euskal Herria). 2017ko Azaroaren 12a. (Gari Garaialde / Bostok Photo / Bertsozale Elkartea) Irribarretsu, baina, era berean, triste hartu zuen telefonoa Jon Maiak astelehen eguerdian. Txapelketaren une gazi-gozoak dira. Poza sailkatuentzat; tristura, aldiz, pauso batera gelditu direnentzat. "Ez nintzen Iruñeko saioan egon. Tentsio handia izango zen, eta, gainera, ez nuen egon nahi nire lagunei txarra desiratzen", aitortu du. Saio hartan erabakitzen zen 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian zein zazpi bertsolarik lagunduko zioten Amets Arzallusi BEC erraldoiko oholtzan. «"Kontzientziatuta nengoen saio horretan bazeudela lau pertsona ni gainditzeko aukerarekin, eta oso posible zela lautik batek asmatzea. Esperantza nuen finalean sartzeko, baina kontziente nintzen zaila zela". Zortzigarren postuan geratzeak uzten duen zapore txarra sentitzen ari da orain Maia. "Nire muturraren aurrean itxi zait atea. Azkenean, zorte kontua ere bada; izan ere, puntu gutxiko aldea dago azken sailkatuaren [Unai Agirre] eta nire artean. Zazpi puntugatik, urte bukaera zoragarri bat bizi edo ikusle izatearen arteko diferentzia da". Hala ere, pozik egoteko arrazoiak ere baditu. "Ikusi dut berriz ere gora irisi naizela, azken momentura arte onenekin lehiatu naizela, eta nire lekura itzuli naizela. Aurreko Bertso Txapelketa Nagusia erorketaren txapelketa izan zen bezala, hau jaikialdiaren txapelketa izan da niretzat. Denborarekin hartuko dut aintzat postu hori, eta jendeak ere aipatu dit aurreko hartatik baino indartsuago aterako naizela txapelketa honetatik",  nabarmendu du. Ibilbidearekin gustura Txapelketa honetan parte hartu ahal izateko, Gipuzkoako Txapelketan hasierako kanporaketetatik ekin behar izan zion duela bi urte bertsolari zumaiarrak. Guztira, bederatzi kanporaketa jokatu ditu honaino iristeko. "Oso bide luzea izan da, suspertze bide bat. Nire misioa finalera iristea zen, eta horretan zentratu ditut nire energiak eta lan ordu pilo bat. Beraz, emaitzarekin ez nago pozik, baina bai egindako bidearekin. Ez dut lortu finalera iristea, baina lortzea bezala izan da berriz ere goiko taldera iristea. Azkenean ez dut nire helburua lortu, hori da nire pena". Edonola ere, kanporaketetan zehar txapelketarekin gozatzea lortu du. Lehen saioa, final-laurdenetakoa, Tolosan izan zuen eta, agian, urduritasunak ez zion askorik lagundu. "Gipuzkoako Txapelketan ere gertatu zitzaidan hori, batez ere lehenengo saioetan. Urduri jartzen naiz, erantzukizun handia sentitzen dut, eta blokeatu egiten naiz. Baina pixkanaka hori gainditzen joan naiz, eta alde horretatik pozik nago". Finalerdietako lehen saioan, Durangon, hasi zen benetan gozatzen. Zoritxarrez, baina, hara zihoala istripua izan zuen autoarekin, eta horrek ukituta utzi zuen. Hala ere, han osatu zuen bakarkakoarekin oso pozik gelditu zen. Hurrengo finalerdia Amurrion jokatu zuen. "Han bai sentitu nuela berriz ere ni nintzela. Finalera sartzeko moduko saio bat egin nuen. Ordura artekoa baino puntuazio hobea eman zidaten, nahiz eta nik gehixeago espero nuen agian. Baina, beno, behintzat nire esku zegoena egin nuen, eta oso pozik gelditu nintzen. Nik uste dut betiko Jon Maia antzeman zuela publikoak, eta jakin gabe aurrera egingo nuen ala ez, behintzat maila altu horretan bukatu nuen txapelketa". Goranzko joera izan du Maiak kanporaketaz kanporaketa, eta, hain zuzen ere, txapelketa hasi aurretik zituen asmoak bete ditu. "Nire hasierako helburuak ziren irudi on bat ematea eta bertso on batzuk uztea. Pentsatzen dut lortu dudala". Berritasun gutxiko finala Finaletik kanpo geratu zela jakin bezain pronto, Unai Agirreri deitu zion zumaiarrak larunbatean bertan. Aspaldiko laguna du Agirre, umetatik berekin dabilen bertsolaguna, eta pertsonalki zoriondu nahi izan zuen. "Saioa bukatu eta berehala deitu nion, baina ez genuen lortu hitz egitea. Azkenean igandean lortu nuen, eta benetan pozten nintzela esan nion. Euskal Herriko finala jokatzea merezi duen bertsolari bat da". Hasierako iragarpenek final ezberdin bat izan zitekeela aurreikusten zuten, baina, azkenean, berritasun gutxikoa izango da. "Faktore asko daude finalerako bidean. Horietako bat lehia da. Bertsolari batzuei luze egiten zaie txapelketa, eta esperientziak ere laguntzen du. Beraz, zaila izaten da berritasunak egotea final batean. Oso tantaka gertatzen da. Hurrengo ordezkoa ni naiz, eta pentsa! Ez naiz gaur jaiotakoa". Adinari dagokionez, aspaldiko final zaharrena izango da, eta Maiaren iritziz, hasieran pentsatu zitekeena baino irekiagoa. «Hasieran Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusen izenak bakarrik entzuten ziren, baina uste dut orain beste izen batzuk ere entzuten direla. Nabarmendu dira batzuk bide honetan, eta hori polita da. Beste bizitasun eta interes bat emango dio finalari". Abenduaren 17an BECen izango da, eta hara joateko asmoa duela dio. Inbidia pasatuko duela aitortu du, baina oholtzan dauden bertsolariei eman behar zaien bultzada eta hauspoa ematen izango da. Momentuz, ez du erabaki hurrengo txapelketetan parte hartuko duen ala ez. "Ez dut uste momentua denik ezer ere erabakitzeko. Denbora pasatzen utziko dut. Egia da ez dela erraza nire adinean motibazioa bilatzen jarraitzea, eta konturatu naiz ez dudala txapelketarik behar kantatzen jarraitzeko. Kontua da gustatu egiten zaigula, eta, beraz, ikusiko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide