Euskararen arrastoari segika

Gipuzkoako HItza 2017ko abenduaren 1a

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi ugari egingo dituzte herriz herri; Zumaian hitzaldi ibiltaria egingo dute euskararen lekuko izan diren guneetan, eta Gipuzkoako Hitzak ekitaldiaren erreportajea egin du.

Datorren igandean, hilaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Euskal Herri osoan. Beste urte batez, milaka lagun aterako dira urteko 365 egunetan euskaraz bizi nahi dutela adierazteko, eta horretarako hamaika ekintza egingo dituzte han-hemenka. Gipuzkoako gainontzeko herri gehienetan bezala, Zumaian ere ozen entzungo da euskararen aldeko aldarria, eta ekintza berritzailea prestatu dute euskararen normalizazioan eragin duten guneei errepasoa egiteaz gain, protagonistei aitortza egiteko. Imanol Azkue idazle zumaiarrak Ibilaldi bat euskararen arrastoan hitzaldi ibiltaria egingo du etzi. Zumaiako Udala eta Euskararen Aholku Batzordea dira antolatzaileak. Azkuek adierazi duenez, udalak "gauza bereziren bat" antolatu nahi izan du aurten Euskararen Egunaren harira. Zumaiako euskarak azken 50 urteotan izan duen bilakaera ikertu du idazleak, eta hortik abiatuta prestatu dute hitzaldi ibiltaria. "Azken 50 urteotan, etxean gordeta egotetik funtzio berriak izatera igaro da euskara, eta hezkuntzan, administrazioan, kirolean, kulturan… tokia eginez joan da. Zumaian euskara non indartu den azalduko dut, beraz". 11:00etan elkartuko dira, Kofradian, eta ordubete inguruko saioa izango da. Hizlariak jakinarazi du bost gune bisitatuko dituztela, eta leku bakoitzean euskarak izan duen presentzia errepasatuko dutela. Apaizetxean egingo dute lehenengo geldialdia, elizaren babesarekin sortu zutelako ikastola. Sorrera hori mugarri izan zen euskararen alorrean, eta hainbat egoitza izan ditu bere ibilbidean. Arrangoleta izan zen horietako bat, eta, beraz, hara joango dira Apaizetxetik. Handik, berriz, Aita Mari aretora abiatuko dira. Izan ere, ikastolak eta AEK-k hainbat urtez Aita Marin eman zituzten eskolak, eta batzokiko kideek han egiten zituzten bilerak; ibilian-ibilian, udaletxean geratuko dira ondoren. "Administrazioaren alorrean lekua irabazten hasi zen euskara lehen aldiz hauteskundeak egin zituztenean, alderdi politikoak udalean sartu zirenean. Alde horretatik, lan handia egin zuten euskara bultzatzeko". Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide