Abenduarekin batera, elurra iritsi da Urola Kostara

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 1a

Eskualdean aspaldi ikusi gabeko irudia ikusi ahal izan da gaur goizean. Abenduarekin batera, elurra iritsi da Urola Kostara, eta zuriz estali dira eskualdeko hainbat txoko. Elurra mara-mara ari du goizean goizetik, eta irudi ederrak utzi dituzte han-hemenka. Ordea, errepidean hainbat eragozpen sortzen ari da elurra. Azkoitia eta Elgoibar arteko Azkarate eta Matxinbenta eta Beasain arteko Mandubi mendateetan, esaterako, kontuz gidatzeko ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, elurra ari duelako; Elosuan, berriz, kateekin edo neguko gurpilekin bakarrik ibili daiteke; eta Bidania itxita dago ibilgailu astunentzat, eta besteek kateak edo gurpil bereziak behar dituzte. Albiste hau osatzerako orduan Urrakin gorabeherarik ez du erakusten Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailaren Trafikoa.eus webguneak. Horrez gain, elurrak sor ditzakeen arazoei aurre egiteko protokoloa goizetik martxan duela jakinarazi du Azpeitiko Udalak. Horren barruan, auzoetako baserri bideak garbitzeko lanekin batera, kalean ere neurriak hartuko dituztela esan dute udal arduradunek, eta herritarrei "adi ibiltzeko" eskatu diete, espaloiak labainkor daudelako. Ikusi eskualdeko goizeko argazkiak: Ikusi Zarauzko argazki gehiago, zarauzkohitza.eus webgunean.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide