Erakundeetako ordezkariak Santiago hondartzako eremuan, pasa den astean. (Izaskun Urbieta)
Santiago hondartzan egingo dituzten lanak tarteko, pasa den astean toki hori bisitatu zuten Javier de Andres Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak, Oier Korta Zumaiako alkateak eta Nikanor Lertxundi Getariako alkateak, besteak beste.
Santiagon egingo dituzten obrek ekarriko dituzten onurekin «pozik» agertu ziren erakunde publikoetako ordezkariak. De Andresen iritziz, "proiektu potoloa da, eta aurrekontuaren diru kantitatea bakarrik kontuan hartuta, ikusten da obraren handitasuna. Hondartzarako irisgarritasuna hobetu, eta ingurumenarekiko zainketa handitzea lortu nahi dugu". Hain zuzen, Espainiako Gobernuko Kostako departamentuak 1.700.410 euroko aurrekontua bideratuko du.
Proiektua lizitazio garaian dago, eta abenduaren 21etik aurrera aztertuko dituzte aurkeztutako proposamenak.
Metalezko pasabidea
Obrak datorren urteko martxoa aldean hastea dute aurreikusita. «Udan egin behar den proiektua da». Hala ere, hondartza erabilgarri izango da uda sasoian. "Herritarrek ez dute arduratu behar, hondartzako aisialdiarekin bateragarria izango da obra. Hainbat fasetan egingo dira lanak, eta beraz, hondartzaren erabilera bermatuta izango da", nabarmendu zuten.
Egingo dituzten lanen artean, aparkalekuaren aurreko hondartzarako sarbide txikitik tunela bitarteko eremuan pasabide bat egokitzea izango da. Pasabide hori metalezkoa izango da eta bi metroko zabalera izango du. Horrez gain, tunel ondoko begiratokia egokitu eta handik hondartzarako sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikiko dituzte.
Bi alkateak pozik
Zumaiako eta Getariako alkateak gustura dira obraren exekuzioarekin. Beraien iritziz, hondartza berreskuratzea inportantea da; bai ingurumenaren aldetik eta baita erabilpearen aldetik ere.