Euskararen kale erabilera %74koa da batez beste eskualdeko zazpi herritan

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko abe. 1a, 10:04

Uemak eta Soziolinguistika Klusterrak 76 herritan egin dituzte neurketak. Urola Kostan zazpi herri aztertu dituzte. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak bereiztea izan da azterketaren helburua

Olatz Altuna Klusterreko kidea erabilera datuak aurkezten. (UEMA) Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Soziolinguistika Klusterrak euskararen kaleko erabilera neurketaren datuak plazaratu dituzte. Hain zuzen ere, mankomunitateko kide diren herrietan eta Tolosaldean egin dituzte neurketak 2017an, baina 2015ean eta 2016an neurketak egin zituzten herrien datuak ere hartu dituzte kontuan. Azterketak egin dituzten herrien artean dira Aizarnazabal, Azpeitia, Errezil, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Errezilen eta Aizarnazabalen lehen aldiz egin dute neurketa; Beizaman eta Getarian ez dute egin, ez dutelako neurtzailerik aurkitu. Udalerri horietako kaleko euskararen batez besteko erabilera %74 da. Neurketa egin duten 76 herrietakoa, berriz, %65.Dena den, herritik herrira desberdinak dira datuak. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak bereizteko egin dute azterketa, eta ondorioztatu dute erabilera %80tik gorakoa den udalerriak direla arnasguneak. Horrenbestez, bi herri eredu horietan lanketa desberdinak egin beharko dituzte aurrerantzean euskara sustatzeko. AIZARNAZABAL Aizarnazabalen kalean entzun dituzten elkarrizketen %96,1 euskaraz izan dira; %3 gaztelaniaz; eta %0,9 beste hizkuntza batean. Gizon-emakumeen artean ez dago alderik euskararen erabilerari dagokionez. Adin tarteen arabera, baina, txikia bada ere, bada alderik: haurren %97,7k hitz egiten dute euskaraz; gazteen %98,4k; helduen %94,9k; eta adinekoen %94,9k. Haurrek beraien artean beti euskaraz hitz egiten dute, eta helduek elkarrizketen %94,5 izaten dituzte euskaraz. Haurrek eta helduek elkarrekin dituzten solasaldien %95,7 izaten dira euskaraz. AZPEITIA Azpeitia da Urola Kostako bigarren herri handiena. Datuen arabera, azpeitiarren %81,9k euskaraz hitz egiten dute kalean; %14k gaztelaniaz; eta %4,2k beste hizkuntza batean. Halaber, gizonek emakumeek baino zertxobait gehiago darabilte euskara: gizonen %83,3k eta emakumeen %80,8k erabiltzen dute. Umeek hitz egiten dute gehien euskaraz: %89,6. Gutxien, berriz, helduek (%76,1). Gazteen eta nagusien neurketa parekoa da, %83,3k eta %83,1ek erabiltzen baitute euskara kalean, hurrenez hurren. Haurrek eta helduek, elkarrekin daudenean, kasuen %85,9an euskaraz hitz egiten dute. Datua aldatu egiten da haurrak helduekin ez daudenean: umeek beraien artean euskaraz hitz egiten dute ia beti (%96) eta nagusiek haurrik gabe daudenean jaitsi egiten da datua (%74,2). ERREZIL Errezil da neurketa egin duten eskualdeko herririk txikiena. Hango elkarrizketen %94,1 izan dira euskaraz; gaztelaniaz, %4,6; eta beste hizkuntza batean eginak, %1,2. Aldea dago Errezilgo gizon-emakumeen erabilera datuetan: emakumeen %96,6k hitz egiten dute euskaraz eta gizonen %89,6k. Adin tarteen arabera alde handiegirik ez dago; izan ere, umeak eta adinekoak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%97,4 haurrek eta %96,5 adinduek). Helduen kasuan, berriz, %91,6k hitz egiten dute euskaraz kalean, eta gazteen %93,2k. Haurrek beraien artean ia beti euskaraz hitz egiten dute (%99), eta nagusiek gutxiago (%91,2). Bi adin tarte horietako kideen elkarrizketak euskaraz izaten dira %95,3an. ORIO Aipatutako herrietan baino dezente txikiagoa da Orioko euskararen kale erabilera: herritarren %60,2k hitz egiten dute euskaraz; gaztelaniaz , berriz, herritarren %37,7k. Beste hizkuntzen presentzia txikia da: %2. Gizon-emakumeek euskara eta gaztelania pareko erabiltzen dituzte. Alde handia dago adin tartekako hizkuntz erabilera datuetan: haurren eta gazteen %74 pasatxok euskaraz hitz egiten dute kalean, eta helduen erdiek ere ez dute hitz egiten euskaraz (%49,5). Adinekoen %61,9k hitz egiten dute euskaraz. Taldekako neurketari dagokionez, haurrak dira beraien artean euskaraz gehien hitz egiten dutenak: %81,7. Nagusiek, berriz, gutxiago erabiltzen dute euskara: %50,9. Horiek haurrekin daudenean elkarrizketen %67,3 izaten dira euskaraz. ZARAUTZ Zarautz da Urola Kostako herririk handiena, eta bera da euskara gutxien erabiltzen dena. Hain zuzen ere, herritarren elkarrizketetatik %50,5 baino ez dira izaten euskaraz. Gaztelaniaz izaten dira solasaldien %47,1, eta beste hizkuntza batzuetan %2,3. Gizonek emakumeek baino gehiago hitz egiten dute euskaraz; hain zuzen ere, gizonen %52,9k eta emakumeen %48,7k erabiltzen dute euskara kalean. Haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%70,5), ondoren gazteak (%50,6), segidan helduak (%41,7) eta azkenik adinekoak (%37,3). Datuak aldatu egiten dira taldekako elkarrizketetan: haurrek beraien artean dituzten elkarrizketen %72,5 euskaraz dira. Helduen elkarrizketen %35,5 soilik dira euskaraz, eta adinekoen artekoak, %66,5. ZESTOA Zestoarren %77,5ek hitz egiten du euskaraz kalean; gaztelaniaz, %21,3k; eta %1,2k beste hizkuntza batean. Gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute euskara; %79,2 dira euskaraz hitz egiten duten gizonak eta %75,8 emakumeak. Haurrak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak: %91,6. Gazteek zertxobait gutxiago: %88,8. Aldiz, ehuneko askoz ere baxuagoak dira helduenak (%72,3) eta adinekoenak (%54,1). Haurrek eta nagusiek solasaldien %85,1ean hitz egiten dute euskaraz elkarrekin. Datua aldatu egiten da haurrak pertsona nagusirik gabe daudenean; beren artean haurren %94,5ek euskaraz hitz egiten dute. Eta nagusiak haurrik gabe daudenean, euskararen erabilera datua %65,9 da. ZUMAIA Zumaiako euskararen kale erabilera datua %57,8 da. Zumaiako herritarren %40,8k hitz egiten dute gaztelaniaz, eta %1,3k beste hizkuntza batean. Emakumeen %59,6k hitz egiten dute euskaraz kalean, eta gizonen %55,8k. Adin tartekako erabilera datuak desberdinak dira: haurren %75,1ek hitz egiten dute euskaraz; gazteen %79,7k; helduen %49,1ek; eta adinekoen %39,5ek. Haurrek beraien artean dituzten elkarrizketen %77,8 dira euskaraz; nagusien artekoak, berriz, %46,6. Eta haurrak eta nagusiak batera direnean, elkarrizketen %71,6 izaten dira euskaraz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide