Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako EH Bilduko ordezkariak, atzoko agerraldian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Aurreikuspenen arabera, otsailean jarriko dute abianhondakinen bilketa sistema berria kostako bost herrietan . Urola Kostako EH Bilduk ohartarazi du sistemak funtzionatu dezan baliabide«egokiak» jartzea eta jarraipen «estua» egitea «beharrezkoa» dela. Zentzu horretan, «kezkaz» irakurri dituzte Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak elkarrizketa batean esandakoak: «Garrantzia kendu dio sistemak izan behar duen jarraipenari. Eskualde osoan lan hori egiteko lau hezitzaile soilik bideratzea ez da nahikoa». Koalizioaren ustez, hamar hezitzaile beharko lirateke.
Zentzu horretan, Zumaiako EH Bilduko zinegotzi eta mankomunitateko zuzendaritza batzordeko kide Alex Olidenek adierazi du Debagoina hartu dutela eredu gisa: «Bertan ezarpen prozesuan garrantzia handia eman zitzaion hezitzaile kopuruari, benetan arrakastatsua izan zedin hasiera hura». Horregatik, hondakinen bilketa sistema «behar bezala» hornitzeko eskatuko dute. Hala, 2018ko aurrekontuak erabakitzen ari diren honetan, herri bakoitzak udal elkartera bideratu beharreko partidetan alderdi hori kontuan izateko galdegingo diote zuzendaritzari. «Hain garrantzitsua den ezarpen fasean oso garrantzitsua da jarraipen lan hori modu egokian egin ahal izatea. Hezitzaileek herritarrekin zuzeneko harremana izango dutela gogoratu du, eta horregatik «beharrezkoa» dela kontrol eta jarraipen neurriak martxan jartzea.