"Bertso txapelketaren arrakasta ez dugu modu isolatuan ulertzen"

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 29a

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolaketan murgilduta daude Esti Esteibar zumaiarra eta Jon Agirresarobe oriotarra. Lanean izango dira biak aurten ere BECeko finalean, laugarren urtez.

2017ko Euskal Kazetaritza Saria jaso du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Zuen lanaren aitortza dela uste duzue? Esti Esteibar:  Gizarteari ekarpen bat egiten dioten erakundeei edo banakakoei ematen zaien saria da. Ezustean harrapatu gaitu. Bingen Zupiria Kultura sailburuak eman zigun, bertsolaritza biziberritzen egindako lanagatik eta hedabideekin izan dugun harremanean asmatzeagatik. Lan isilaren aitortza handia da. 30 urteko ibilbidea izan du elkarteak, eta jende askok lan handia egin du. Pozik gaude. Lanpetuta gabiltza txapelketarekin, eta horrelakoek indarra ematen digute. Jon Agirresarobe:  Guk elkarlanean sinisten dugu, eta hori oinarri hartuta egiten dugu lan. Bertsozale Elkartea hedabideei proposamenak egiten eta gauzak errazten saiatzen dela uste dut, bertsoaren edukia zabaldu dadin. Alde horretatik pozgarria da. Txapelketari begira, zein lan egiten duzue? J.A.: Ni txapelketaren koordinatzailea eta sustapen eragilea naiz elkartean. Sustapen saila bertsolarien plazaz eta horren zabalkundeaz arduratzen da. Txapelketaren ikuspegi orokorra ematen dut, dauden alor guztiak batera joan daitezen. Txapelketaren zenbakiak oso handiak dira, eta horri batasuna ematen saiatzen naiz: epaileen, gai-jartzaileen eta bertsolarien taldeak osatu, horiei jarraipena egin, horiekin egon... Bestalde, txapelketa garaian buruhauste asko ematen dizkigu antolaketa lan guztiak: herriak aukeratu, tratuak itxi, muntaia antolatu... E.E.: Ni barne komunikazioaz eta kanpo komunikazioaz arduratzen naiz. Barne komunikazioa da txapelketako antolaketan dauden talde ezberdinen sareak ongi funtzionatu dezaten bermatzea. Horretarako tresna ezberdinak ditugu: batzordeak, barne orriak... Beste alorra, berriz, gizarteratzea da, hedabideen bitartez. Noiz hasten da txapelketaren lanketa? J.A.: Normalean urte eta erdi lehenago hasten gara. Talde antolatzaile bat izendatzen du elkarteak, eta hor egoten gara herrialde guztietako ordezkariak. Bertsolaritza zein momentutan dagoen hausnartzen dugu, eta horren arabera pentsatzen dugu txapelketak nolakoa izan behar duen. Erabaki garrantzitsuenak urtea amaitu baino lehenago hartzen saiatzen gara; kasu honetan, 2016an. Saioak ixten ditugu, lan talde ezberdinak martxan jarri, eta udaberrian parte hartzaileekin hasten gara hizketan. Txapelketa tresna bat da bertsogintza eta bertsozaletasuna Euskal Herrian barrena zabaltzen jarraitzeko. Lehia du oinarrian, baina onura batzuk ematen dizkigu. E.E.: Hala ere, ez gara txapelketara bakarrik egoten. Proiektu asko ditu elkarteak, eta hau bat gehiago da. Intentsitate handiz ari gara orain txapelketarako lanean, baina gainontzeko proiektuak ere hor daude: hezkuntza arautuan ematen ari garen klaseak, bertso eskolen dinamizazioak, ikerketak... Zer ezaugarri ditu aurtengo txapelketak? J.A.: Aurten lurralde guztietan saioak egiteko aukera erreala ikusten genuen. Bestelako proiektuei ere ikusgarritasuna ematen saiatu gara txapelketaren bitartez. Txapelketa batek gure elkarlan sare osoa erakusten du, eta horregatik dago bertsolaritza indarrean. E.E.: Sortzaileei dagokienez, lurralde guztietako bertsolariek hartzen dute parte txapelketan. Beraien burua erakustera emateko plaza da txapelketa. Adibidez, Nafarroako bertsolari batzuk ez dituzte ezagutuko gipuzkoarrek: Aimar Karrika,  esate baterako. Beste askok ibilbide bat dute, baina horrela ezagutu genituen haiek ere. Aurten, horrelako sorpresa batzuk egon dira. Eta non ikusten dituzue hutsuneak? J.A.: Gure kasuan, nabarmen antzematen da bertsozale oso gazteak datozela. Herriko plazetan datuak oso onak dira, baina txapelketan adina erakarri behar dugu jende gaztea plazetara.  Azken urteetan elkarteak estrategia bat markatu du, eta hori bere fruituak ematen ari da. Garai bakoitzean estrategia hori behar duen tresnaz hornitzen asmatu dugula uste dut. Txapelketaren arrakasta ez dugu modu isolatuan ulertzen. E.E.:  Gauza asko elkarteak eta bertsolariek etengabe lantzen dituzte: adibidez, genero ikuspegia. Hori da etorkizunean nahiko genukeena: bertsolaritza eguneratzen joatea, sormenaren eta antolakuntzaren aldetik. Etengabeko eguneratzearen emaitza izan behar da hurrengo txapelketa. Beharrezkoa al da bertsolaritza teknologia berrietan zabaltzea? E.E.: Bai, egon beharra dago. 2009an Twitterrera egin genuen salto, eta aurten Instagramera eman dugu pausoa. Oso gazteak direnak bertan dabiltza. Gizarteak erabiltzen dituen tresnetara egokitzen gara. Etengabeko ahalegin bat da. Elkartean lanean hasi ginenean, adibidez, ez zegoen bertsoa.eus ataria; eta gogoeta fase baten ostean hartu zen erabakia. J.A.: Harrigarria da zenbateraino zabaltzen diren edukiak. Hala eta guztiz ere, sortzaileen lanekin ari gara, eta kontuz ibili behar dugu. Bertsozalea zuen lanaz jabetzen dela esango zenukete? E.E.: Oso lan isila dela uste dut.  Badakite horren atzean mugimendu bat badagoela, baina, orokorrean, ez dira kontziente. Zaila da ikustea. J.A.: Eskerrak, gainera! Meritua oholtza gainean dago, eta hori da lehenengo gauza. Handia da bertsolariek jokoan dutena. Edonola ere, batzuk oso erraz ikusten dute dena. Bertsozale Elkartean lana egiten dugula esan dudanean, gertatu izan zait ho­nakoa erantzutea: «Eta horra, egunero joan behar al da?».  Saioetan ez dira ohartzen lanean ari garenik. Kasu egitera gerturatzen dira edo saioaren inguruan galdetzera. Baina seinale ona da jendeak gure lanaren inguruan ez hitz egitea. Mediatikoki dimentsio handiagoa hartu al du txapelketak? E.E.: Duela gutxi esan zidan Andoni Egañak 1993an 9.000 lagun bildu zirela Belodromoan. Egun, tresna gehiago ditugu txapelketa ezagutzera emateko; eta elkarteak sailak garatu ditu. Horrek gure lana sakontasun handiagoarekin egitea ahalbidetu du. Hainbeste urteetan proiektu batean parte hartzen duzunean, aurretik egindakoari eransten zaio lana. J.A.: Hedabideak eta elkarteko komunikazioak kolpeak oso ongi ematen jakin dutela iruditzen zait, beste jende batengana iristeko. Aulki-jokoa ETBko saioa da adibideetako bat. Horrek bertsolaritza jarraitzen ez dutenei ere agendan sartuta dagoela erakusten diete. Saioetan gozatzen al duzue? J.A.: Nik saioen egunak oso nahasiak izaten ditut. 08:00etarako joaten naiz muntatzera. Bertsolariak agurrak kantatzen hastean oholtza gainean gertatzen denari adi egoten naiz. Bertsoak entzuten ditugu, baina ez gara adi egoten. Astean zehar entzuten ditugu. E.E.: Ni hedabideekin egoten naiz. Eserita egoten gara, baina irrati emisioa zuzenean egiten ari denak konexioa baduen edo ez begiratzen dugu, ea ongi doan, webgunea erortzen bada konpontzen... Emozio orokorrak soilik geratzen zaizkigu. Ikusleak bertsolariekin enpatizatzen du, baina jada ezagutzen dituzunean, gaizki pasatzen duzu. Badakizu bat gaixo datorrela edo zerbait pasatu zaiola... Esposizio publiko handia da, eta barrua asko mugitzen du. J.A.: Bertsolarien saiakerak ikusi eta denek saria izango ez dutela jakitea egiten zait gogorra niri. Nolakoa izango da zuentzat BECeko finalaren eguna? J.A.: Finala baino lehenagoko bi asteetan zentratu egin behar izaten dugu. Zuzeneko bat bezala da, eta gu zuzeneko horren erregidoreak gara. Profesionalak eta boluntarioak egongo dira lanean; guztira, 500 inguru. Bakoitzak bere lekuan egon behar du, eta batasun horri begira egoten gara. Bezpera eta goiza izaten da txarra: 15.000 pertsona bere lekuan esertzea da nik eduki dudan lanik txarrena. 11:00ak arteko eromen hori... Ez dira gure neurriak. Txapelketaren ondoren, betiko neurrietara itzultzen da bertsolaritza, eta hori da bizirik mantentzen duena. Olatu bat da txapelketa. E.E.: Egun horretan eskaleta handi batekin egoten naiz, une oro egin behar dudana argi edukita. 07:00etan heltzen gara, eta gauerdian irten. Denbora guztian ezustekoak oso modu lasaian konpondu behar ditugu, beti daudelako: azken orduko elkarrizketa eskariak, zure ondoan lipotimia bat gertatu dela... Urola Kostako jendea ere arituko da BECen lanean. J.A.: Profesionalak batzuk badaude, baina denera 20 lagun edo izango dira. Gure eskualdea izango da entzule gehien dituena. Izugarria da. Oriotarrak, zumaiarrak, getariarrak... E.E.: Batzuk saio guztietan ikusten ditugu. Badakigu bertsozaleak direla, baina beste batzuk ezustean harrapatzen zaituzte. Jendea ilusioz gainezka joaten

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide