Udal elkarteko ordezkariak, Zarauzko, Orioko zein Zumaiako udaletakoak eta Ahize nahiz AEKko kideak, atzoko aurkezpenean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Enpresa euskaraz handitzen proiektua jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak, kostako herrietako enpresa txikietan euskara bultzatze aldera. «Eskualde euskalduna da Urola Kostakoa, baina agian euskarak ez du behar bezalako presentzia enpresa arloan», nabarmendu du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek. Euskara «gure ondasuna» izanik, alor guztietara zabaldu behar dela dio, eta horregatik jarri dute martxan proiektu berria. Hain zuzen ere, UKUEk egunerokotasunean euskaraz lan egin dezaten laguntza emango die hamar langiletik behera dituzten Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresei.
«Enpresa txikiak eguneroko zereginetan larri ibiltzen dira eta, askotan nahi izanda ere, ez dute behar adina denbora hartzen zerbitzua euskaraz eskaintzeko», zehaztu du Xabier Urdangarin UKUEko Euskara teknikariak. Hori dela eta, udal elkarteak «euren premia zehatzei erantzuteko» tresnak emango dizkie.
Bi urteko iraupena izango du proiektuak, eta udal elkarteak 70.541,79 euro bideratuko ditu programa horretara. Programa askotariko alorretako enpresei zuzenduta baldin badago ere, lehen deialdian hiru alor zehatzetako enpresekin hasiko dira lanean: estetika zentro eta ile-apaindegiekin, osasun arloko zerbitzu enpresekin nahiz ostatu zerbitzuak eskaintzen dituztenekin, hain zuzen ere.
«Herritarrek sarri erabiltzen dituzte zerbitzu horiek, eta iruditzen zaigu enpresontzat garrantzitsua dela bezeroak nahiago duen hizkuntzan zerbitzuak eskaintzea», adierazi du Urdangarinek. «Enpresa horientzat abantaila bat da zerbitzua euskaraz txukun eskaini ahal izatea. Leloak dioen bezala, iruditzen zaigu enpresa euskaraz handitu egingo dela, kalitate hobeagoko zerbitzuak eskainiko dituela, eta era berean, enpresek euskara handituko dutela ahalegin horrekin», nabarmendu du UKUEko Euskara teknikariak.