Asier Hilario hitzaldia eskaintzen. (Baleike.eus)
2014. urtean EAEko 150 GILen inbentario bat egin zen eta inbentario hori. "Zientzia eta turismo aldetik leku adierazgarriak izan behar zuten. Inbentario honen beste helburu bat leku hauen zaurgarritasuna zehaztea ere bazen".
XIX. mendetik hona egindako ikerketen ondoren lortutako bibliografiari esker 1.400 lekuren lehen zerrenda bat egin zuten. "Milatik gora lekutik 150era jaitsi behar izan zen. Horretarako 12 aditurekin harremanetan jarri ginen eta zerrenda luze hori pasatu genien. Bakoitzari, bere espezialitatearen arabera, 25 edo 30 leku garrantzitsuenak aukeratzeko eskatu zitzaion. Horrela, 300 ingurura jaitsi genituen eta adierazgarritasun parametroa erabilita, 150 horietara jaistea lortu zen".
Leku bakoitzarekin fitxa bat osatu zen. Fitxak argazkiekin jantzita doaz eta kokapena, iristeko erak eta GILaren deskripzio laburrak jasotzen ditu. Leku bakoitzaren balorazioa ere egiten da. Inbentarioa
hemen aurki dezakezue.
Hilariok adierazi zuenez, EAEn Lurraren 350 milioi urte jasotzen dira eta, geografia ardatz bezala hartuta, historian zehar bidaia bat egin daiteke. Milioika urte hauek bost zatitan banatu zituen eta baita ere garai horretako aztarnak non aurki daitezken.
Pangea-aurrekoa deitu zion lehen zatiari (350-250 milioi urte) eta orduko aztarnak Leitzaranen eta Aiako Harrian aurki daitezkela. Bigarren zatia Pangea da (260-200 milioi urte) eta Adarran, Leitzaranen, Urdaibaien, Tolosaldean, Añanan, Orduñan, Maeztu edo Peñacerradan aurki omen daitezke aztarnak. Itsas tropikalaren azpia izango litzateke hirugarren adin tartea (200-40 milioi urte) eta EAEko leku askotan daude garai horretako aztarnak: Aralar, Anboto, Txindoki, Deba, Zumaia, Jaizkibel, Gorbeia edota Armintza. Talka handia izango litzateke Lurraren hurrengo adin tartea (50-5 milioi urte) eta Barrikan, Ataunen edo Zambranan topa daitezke orduko aztarnak. Azken zatia, Erliebearen sorrera (5 milioi urte) Gaztelugatxen, Nerbioi ibaiaren sorreran, Arrikrutzen edo Iraetan soma daiteke.
“Bere txikitasunean harrigarria da EAEn interes geologikoko zenbat leku dituen eta zer egoera onean dauden”, amaitu du hitzaldia Hilariok.