Zarauzko Bilgune Feministako kide Jone Alberdi eta Ainara Alkorta. (Aritz Mutiozabal)
"Gizarte matxista baten barruan baldin bagaude, teknologia berriek ere hori islatu egiten dute, baita sendotzen lagundu ere. Hori garbi ikusten dugu". Zarauzko Bilgune Feministako kide gazteak dira Jone Alberdi eta Ainara Alkorta, eta teknologia berriek emakumeengan duten eraginaz hausnartzeko,
Piztu mugikorra eta ireki begiak. Nola eragiten digute sare sozialek? tailerra eskainiko dute ostiral honetan; gaztelekuan izango da, 18:00etan hasi eta 20:30era arte. Bilgune Feministaren ekimenez eta Zarauzko Udalaren laguntzaz, Zarauzko Sare Feministak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira antolatutako ekintzetako bat da.
Teknologia berrien esparrua kontuan hartuta, halako jarduera bat egitea beharrezkotzat jo dute. "Eguneroko horretan ere indarkeria sufritzen dugu guztiok. Ez bakarrik orain arte esplikatu dizkiguten mutil-lagunaren edo bestearen kontrola... Askotan, gainera, ez dira agerikoak, sare sozialen bidez izaten direlako", dio Jone Alberdik. Arriskua "oso presente" dagoen arren, "gero ez dugu ikusten benetan horren aurrean nola gauden, ezta nola erantzun ere. Erantzun hori ez dugu horrenbesteko eskubiderekin sentitzen, nahiz eta berez badakigun era batera edo bestera erantzuten".
Ainara Alkortaren esanetan, "Facebook, Instagram edota Whatsappetik mugitzen den informazio pilarekin, askotan ez gara kontziente nahigabe jasotzen ditugun argazki, komentario edo beste edozer gauzez". Emango duten tailerrean hori guztia "ikusaraztea" dute helburu: "Kontziente izatea bidaltzen diguten guztia ez dela egia. Manipulazio izugarriak gerta daitezkeela, alegia. Hori hor dago eta horri nola erantzun aztertu nahi dugu".
"Ezetzaren naturaltasuna"
Bi alderdi nabarmen landuko dituzte tailerrean. Alde batetik, "emakumeok sare sozialen bitartez jasotzen dugun jazarpen hori naturalki gelditzen kostatzen zaigunaz ariko gara. Ez esateaz, eta horretan geratzeaz edo utzi bakean esateaz. Ezetzaren naturaltasuna bultzatu nahi dugu", adierazi dute.
Bestetik, edukietan murgilduko dira. "Azalduko dugu sare sozialek emakume bezala gure alderdi perfekzionista erakustera zenbat edota nola bultzarazten gaiztuzten; erakusleiho bat izango bagina bezala, etengabe geure burua demostratuz. Eta horren kontzientzia ere landu nahi dugu". Bigarren alderdi hori umoretik landu nahi dutela adierazi dute antolatzaileek. "Egoera horiei buelta bat ematen saiatuko gara, gure biktima paperetik aterata. Horretarako meme batzuk egingo ditugu".
Bakoitzak bizi izandako esperientzietatik abiatu nahi dutela azpimarratu du Alkortak, "norberak bizitakoa partekatuz". Ez dute jarduera "oso didaktikoa" izaterik nahi, baizik eta parte hartzailea. "Hortik abiatuta, pixka bat autodefentsaren inguruan hausnartuko dugu; sentitzen ditugun indarkeriak plazaratu, eta ez bakarrik horren nabarmenak direnak, gainerako denak ere bai. Gero, horien aurrean nola erantzun", azaldu du Alberdik. Guztien artean "erantzun alai, barregarri edo ironiko bat euskaraz" sortu nahi dute. "Azkenean, erantzuteko indarra edukitzeko inportantea da jakitea inguruan beste asko ere hor daudela, eta indar hori guztien babesarekin doala", azpimarratu dute antolatzaileek.
Osteguneko jarduera batez ere gazteei zuzenduta dago, "beraien egunerokoan gero eta txertatuago daudelako sare sozialak". Adin tarterik zehaztu ez badute ere, Batxilergotik edo 17 urtetik aurrerako emakume gazteei zuzenduta dagoela aditzera eman dute. "Gu baino helduagoak direnek beharbada ez dituzte teknologia berriak hain sarri erabiltzen, eta, aldiz, ikusten genuen geure anaia-arrebek egun osoan dutela presente. Beraz, gazteak erakartzeko zerbait erraza eta gertukoa izan zitekeela iruditu zitzaigun".
Zarauzko Bilgune Feministako hiruzpalau kide berriren ekimenez sortu da Piztu mugikorra eta ireki begiak. Nola eragiten digute sare sozialek? tailerraren ideia. Haien hitzetan: "Teknologia berrien informazio bonbardaketa horretaz asko lantzen ari gara geure ikasketetan. Oso presente daukagun gaia da, eta nahi genion horri begirada kritiko batetik heldu, baina ez betiko ikuspuntu horretatik".
Kontrolaren inguruko prebentzioari buruzko kontzientziazioa badagoela adierazi dute Alkortak eta Alberdik. Hala ere, "jasotzen dugun indarkeria askoz ere zabalagoa dela iruditzen zaigu, eta ez gaituztela jabetzen horretaz. Badirudi inork kontrolatzen ez bazaitu era zuzen horretan, eraso horiek ez daudela".
EGITARAUA
AIA
Azaroak 25, larunbata. 12:30ean, plazan. Elkarretaratzea egingo dute Aian Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguna dela eta. Akelarrea kultur taldeak antolatu du.
AIZARNAZABAL
Azaroak 25, larunbata. 17:30ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin lotuta, Volar dokumentala emango dute.
- Ondoren, indarkeria matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute.
AZKOITIA
Azaroak 24, ostirala. Volar filmaren emanaldia, 18:00etan, Elkargunean. Bertha Gaztelumendik zuzenduta, indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen ditu lanak. Azkoitiko Udalak antolatuta.
Azaroak 25, larunbata.
- 18:30ean, Woman in black! ekintza egingo dute plazan. Beltzez jantzita joateko deia egin dute. Sostenipe talde feministak antolatuta.
- 19:00etan, elkarretaratzea, plazan, Sostenipe talde feministak deituta. Stop indarkeria matxista! lelo hartuta egingo dute.
Azaroak 29, asteazkena. Udaleko osoko bilkuran, genero indarkeriaren aurkako adierazpen instituzionala onartuko dute.
Abenduak 1, ostirala.
- Autodefentsa feminista tailerra. Elkargunean da, 09:30etik 13:30era. Izena emateko berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzi behar da.
- El nunca me pego dokumentalaren emanaldia, 18:00etan, Elkargunean. Ikus-entzunezkoaren segidan, Irantzu Varela kazetariak eta genero berdintasunean adituak hitzaldia emango du. Azkoitiko Udalak antolatuta.
Abenduak 2, larunbata. Beldur Barik Topaketa egingo dute Eibarren, 16:30etik 21:45era. Azkoitiko Udalak doan autobus zerbitzua jarri du bertara joateko. Autobuserako izena aldez aurretik eman behar da berdurbarik.org webgunean.
AZPEITIA
Azaroak 25, larunbata. Basanderiek Azpeitiko emakume feminista gazteen asanbladak Patriarkatua indarkeria da. Eman sua! lelopean hainbat ekitaldi antolatu du:
- 13:00etan, elkarretaratzea egingo dute plazan, emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzea eskatzeko.
- 14:30 aldera, bazkari feminista egingo dute. Bazkarirako izena eman daiteke: Orkatz tabernan edo Basanderiek asanbladaren Facebook eta Instagram kontuen bidez.
- Bazkalostean, kanturako tartea hartuko dute, eta gitarra saioa egingo dute, Sanagustin kulturgunean.
- Mural margoketarekin amaituko dute eguna. Oraindik ez dute zehaztu zein lekutan egingo duten murala, baina 17:00etan jarri dute hitzordua, plazan.
ERREZIL
Azaroak 24, ostirala. Saiaz udal elkartetik antolatuta, Volar dokumentalaren emanaldia, Bidaniako udaletxean, 19:00etan. Segidan, solasaldia egingo da bertan bildutakoen artean, Nekane Zinkunegik gidatuta.
ORIO
Azaroak 25, larunbata. Xaltxerak Orioko talde feministak antolatuta, Erraiak azalera lelopean, hainbat ekitaldi egingo dira:
- 11:30ean, Zapata gorrien iniziatiba. "Ekarri zapata zaharrak plazara eta gorriz margotuko ditugu matxismoak hildako emakume guztien izenean", azaldu dute Xaltxerakoek.
- 13:00etan, konzentrazioa, plazan. Zure egina gurea eginez lelo hartuta.
- 16:00etan, mural margoketa, Zubi azpiko horman.
ZARAUTZ
Azaroaren 29ra arte, Bide luzea berdintasunerako: Euskadiko emakumeak XX. mendean erakusketa, Merkatu plazako lehen solairuan. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan nahiz igandetan, 12:00etatik 14:00etara. Mario Onaindia Fundazioak antolatuta.
Gaur, asteazkena. 18:00etatik 20:30era, Gorputzak badaki. Indarkeria sexistari aurre egiten tailerra. Gaztelekuan izango da, Zarauzko Sare Feministak antolatuta.
Azaroak 23, osteguna. Zarauzko Udaleko Parekidetasun Departamentuak antolatuta, indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak. Alameda hotelean, goiz eta arratsaldez. Doan da, baina aurez izena eman behar da: berdintasunazarautz.files.wordpress.com atarian, Parekidetasun Sailean, 943-00 51 17 telefonoan edo berdintasuna@zarautz.eus helbidean.
- 19:00etan, Emakume bakarra antzezlana, Antoniano aretoan. Sarrera doan da. Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta.
Azaroak 24, ostirala. 18:00etatik 20:30era, Gaztelekuan. Piztu mugikorra eta ireki begiak. Nola eragiten digute sare sozialek? tailerra. Zarauzko Sare Feministak antolatuta.
Azaroak 25, larunbata.
- 11:00etatik 12:45era, Gaztelekuan. Indarkeria sexistari aurre egiteko begiradak lantzen mahai ingurua. Hizketarako gaiak: Euskal Herriko egoera; emakume etorkinen errealitatea; eta, maskulinitatea eta lesbianismoa. Zarauzko Sare Feministak antolatuta.
- 13:00etan, Indarkeria matxistari, Manbo! ekintza, udaletxeko plazan. Zarauzko Sare Feministak deituta. 13:30ean, luntxa izango da, udaletxeko plazan.
- 13:30ean, Torre Luzea parean. Dolor ex antzerkia. Interpreteak: Ainhoa Alberdi Gisasola eta Eneko Balerdi Eizmendi. Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta.
ZESTOA
Astean zehar, erasoen aurrean zer bide hartu daitezkeen azalduz kartel informatiboak jarriko ditu kalean Zestoako Txoko Feministak.
Azaroak 25, larunbata. 12:30ean, elkarretaratzea, Zestoako Txoko Feministak deituta. Indarkeria matxistarik ez! Erasoak milaka aurpegi ditu lelo hartuta.
ZUMAIA
Azaroaren 26ra arte, Indarkeria matxista, zutik emakumeok! erakusketa, Oxford aretoan.
Gaur, asteazkena.
- 09:00etatik 13:00etara, Berdintasunerako Gunea, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 18:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan. Zumaiako emakumeen etxea eraikitzen mahai ingurua. Donostiako eta Eibarko emakumeen etxeetako kideek parte hartuko dute.
Bihar, osteguna.
- 09:00etatik 13:00etara, Berdintasunerako Gunea, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 18:00etan, Eusebio Gurrutxaga plazan. Nolako bikote harremanak sortzen ditugu? tailerra. Aholkusex zerbitzuak gidatuta.
Azaroak 24, ostirala.
- 09:00etatik 13:00etara, Berdintasunerako Gunea, Eusebio Gurrutxaga plazan.
- 18:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan. Estanbuleko hitzarmena: eskubideen berri jakitearen garrantzia indarkeriarik gabeko bizitza baterako hitzaldia. Gaztelaniaz.
- 22:00etan, Aita Mari aretoan. Frida antzezlana. Gaztelaniaz.
Azaroak 25, larunbata. 13:00etan, elkarretaratzea, Saregile plazan.