Leire Barriuso, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea. (Izaskun Urbieta)
Bihar hasi eta ostirala bitartean, Euskadiko III. Geodibertsitate jardunaldiak egingo dira Zumaian. "Eusko Jaurlaritzak gu aukeratzea antolatzaile moduan oso garrantzitsua da guretzat. Erronka polita dugu", aipatu du Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerenteak. Irekiera ekitaldia bihar egingo dute, 09:30ean, Aita Mari aretoan. Bertan parte hartuko dute Oier Korta Zumaiako alkateak, Pedro Bengoetxea Geogarapen Elkarteko presidente eta Debako alkateak, eta Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak.
Euskadiko III. Geodibertsitate jardunaldiak 2020 Geodibertsitate-estrategia markoaren barruan sartzen dira. 2014an aurkeztu zuten estrategia hori Zumaian, hain zuzen. "Hiru urte hauetan estrategian finkatutako hainbat ekintza egin dira, baina oraindik gauzak daude egiteko. Lan horietan gabiltzanak elkar ezagutzea eta bultzada ematea da gure nahia", adierazi du Barriusok.
Jardunaldien helburu nagusia da erakustea nola aniztasun geologikoa, edo geodibertsitatea, osagarri edo elementu bereizgarri ere izan daitekeen hezkuntza eta turismo aukera berriak irekitze aldera, eta lurraldea erakargarriagoa egiteko. Era berean, bertako ondare naturalaren kudeaketak ondare geologikoa ere lan arlo gisa barne hartzea bilatzen dute jardunaldiek.
Bihar bertan hainbat hitzaldi izango da, 10:00etan hasita. Hitza hartzen lehena izango da Luis Carcavilla IGMEko Ondare Geologikoa ataleko ikertzailea, geokontserbazioaren arloan mundu mailako sona du. Segidan, Asier Hilario geologian doktore eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoaren txanda izango da. Horrek
EAEko GIGen inbentarioa; Galdu ezin ditugun puzzle zatiak hitzaldia emango du. Kafearen ondoren, EAEko GIGen (Geologia Mapa eta Interesguneak) mugen definizioari buruzko hitzaldia eskainiko du Arantza Bodego geologoak eta EHUko irakasleak.
Bodegoren atzetik hartuko du hitza Javier Moreno Eusko Jaurlaritzako abokatuak, GIGen marko arauemailea eta lurralde-plangintza azaltzeko. Jardunaldia ixteko, Gorka Arana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen teknikariak
EAEko Geodibertsitate-estrategiaren lerro nagusiak hitzaldia eskainiko du.
Mahai teknikoak
Osteguneko saioan, geoturismoan eta hezkuntzan dabiltzan agenteekin osatutako mahai teknikoak osatuko dituzte, Alondegian. "Alor hauetan erreferente diren eta lan egiten duten profesionalak batzea da helburua, eta bide batez, elkarlanerako topagune bihurtzea. Lan taldeak 20-30 lagunekin eta moderatzaile batekin osatutakoak izango dira. Gai zehatz batzuk landuko dira, eta ondoren, dena txosten batean jasoko da. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko dugu eta zenbait gako izango ditu. Adibidez, nondik nora goazen, zein den bakoitzaren errealitatea, etorkizunera begira administrazioaren papera zein izan daitekeen, gure ahuleziak eta indarguneak zeintzuk diren...", azaldu du Barriusok. Geoturismoaren gaia goizean landuko dute, 09:00etatik 12:00etara, eta hezkuntzarena, berriz, arratsaldean, 13:00etatik 16:00etara.
Ostiralean, Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte, 09:00etatik 15:00etara. "Geoparkearen kudeaketa, erabilera didaktikoa eta turistikoa azalduko ditugu, Zumaia, Deba eta Mutriku ezagutuz".