Jon Maia, gaurko saioan. (Argazkia: Bertsoa.eus)
Bertsolari Txapelketa Nagusia finalaurreko faseko bigarren itzulira iritsi da. Gaur jokatu dute bigarren itzuliko lehen kanporaketa, Amurrion (Araba). Eskualdeko bertsolari bakarrak jarraitzen du lehian, Jon Maiak, eta gaurko proban, hirugarren sailkatu da zumaiarra, 681,5 puntu batuta. Sustrai Colinak irabazi du kanporaketa, 701 punturekin, eta, bigarren postuan, Beñat Gaztelumendi sailkatu da (694,5 puntu). Maiaren atzetik, berriz, laugarrenean, Nerea Ibarzabal sailkatu da (675,5 puntu); bosgarrenean, Jon Martin (668,5 puntu); eta, seigarrenean, Etxahun Lekue (615 puntu).
Guztira, hiru finalaurreko izango dira bigarren itzulian, eta aurreko finalaurrekoetako puntuak eta fase honetakoak batu egingo dira. Jon Maiak 675 puntu lortu zituen Durangoko (Bizkaia) finalaurrekoan, eta gaurko 681,5 puntuak gehituta, guztira, 1.356,5 puntu ditu. Oraingoz, Sustrai Colina (1.406, 5 puntu) eta Beñat Gaztelumendi (1.389 puntu) daude sailkapen orokorrean haren aurretik. Bi finalaurreko falta dira jokatzeko oraindik, eta horiek amaitzean ikusiko da Maia final handira sailkatzen den edo ez.