Narrondotik Zumaiako herri gunerako sarrerako bihurgunean (Bittarte erretegiaren parean) errepidearen egoera hobetzeko hainbat neurri hartu ditu Zumaiako Udalak. Era horretan, errepidearen zati horretan gertatzen ziren auto istripuak saihestea lortu dela azaldu du erakundeak. Udalak emandako datuen arabera, bihurgune horretan 2014-2016 urte bitartean hamar istripu izan zirela jaso zuten Udaltzainak eta Ertzaintzak. Iazko azarotik gaur egunera arte, ordea, "gune horretan izandako istripuen berririk ez dute jaso". Toki horretan egindako lanek "eragin zuzena eta positiboa" izan dutela nabarmendu du udalak.
Orain bi urte, 2015ean, herri sarrerako bihurgunean, LED argidun seinaleak jarri zituen, bihurgune arriskutsua dela seinalizatuz. Horrez gain, "mikrofresatu lanak egitea" erabaki zuen; hau da, errepidean sakontasun txikiko arraildurak egin ziren, "euria egiten duen egunetan autoek ez irristatzeko".
Zumaiako herri sarrerako bihurgunea (Zumaiako Udala).