Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
1871an iritsi zen Karmeldarren Kongregazioa Zumaiara. Emakumeei hezkuntza eskubidea ahalbidetzea zuten helburu. Igandeko agurrera herri osoa gonbidatu dute.
Vedruna Karmeldarren Kongregazioa Katalunian sortu zuten, emakumeei hezkuntza arautu bat bermatzeko asmoarekin. Kataluniatik hasi ziren hezkuntza sarea zabaltzen, eta 1871. urtean etorri ziren Zumaiara. Patxita Etxezarreta alargundu egin zen garai hartan, eta ondorioz, hainbat jabego geratu zitzaizkion. Bere nahia jabego horiek emakumeen hezkuntzarako bideratzea izan zen, eta hala, apaiz baten bitartekaritza lanen ondoren, karmeldarrengana iritsi zen. Horrela sortu zuten Maria eta Jose Ikastetxea.
Eskolaren hastapenetatik berrikuntzarako eta sormenerako lan lerroak finkatu zituzten. "1874an Etxezarretak eta eskolak akordio bat egin zuten klaseak euskaraz emateko. Ordura arte, ez zen horrelakorik existitzen hezkuntza arautuan, eta haiek euskararen aldeko pausoa eman zuten", azaldu du Isaak Aranberri gaur egungo Maria eta Jose Ikastetxeko zuzendariak.
1960. urtean, adibidez, lehendabiziko aldiz, erlijiosoak ez ziren irakasleak hasi ziren ikastetxean eskolak ematen, eta 80ko hamarkadarako, mojak baino gehiago ziren. "Pixkanaka kongregazioaren sarea jaisten ari da; azkenean, bokazioa ere gutxitzen ari delako. Hori dela eta, mojak biltzeko hainbat zentro ezarri ditu kongregazioak berak, eta gaur egun Zumaian dauden zazpiak Gasteizera joango dira", adierazi du Aranberrik.
Etorkizuna
2012an hartu zuen Aranberrik Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxearen gidaritza, baina orain hartu dute mojek hori uzteko erabakia. "Herriak eskatuta etorri ziren Zumaiara orain dela 146 urte, eta orain, eskolaren funtzionamendua berriro ere herriari utzi nahi diote; hau da, gaur egun dagoen lantaldeari, familiei eta ikasleei", nabarmendu du.
Mojei igandean egingo diete azken agurra eskolako aretoan, 12:30ean. Aldez aurretik, mojak beraiek antolatuta, 11:00etan parrokiako meza nagusian, lehen agurra jasoko dute. "Eskola bezala, gure agurra ikastetxean bertan egin nahi genien mojei, eta ekitaldi horretara udaleko ordezkariak, ikasleak eta ikasle ohiak etorriko dira".
Zumaian geratzen diren mojez gain, kongregazioko beste hainbat etorriko dira, eta guztira, 30 bat bilduko dira. "Gure aldetik, oraingo ikasleek dantza bat egingo dute. Horren bidez, eskolak izan duen ibilbidea kontatuko da; iraganetik orainera egindako bidaia islatuz", esan du. Hain zuzen ere, "inflexio puntua" izango da igandeko ekitaldia. "Orain arte egin dutena eskertuko diegu, eta hemen jarraitzen dugunok, gure balioak lantzen segituko dugu, gaur egungo joerekin eta metodoekin", amaitu du.