Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako Alde Zaharreko aparkalekuen erregulazioa izan da uda honetako gai nagusietako bat; behin lehen txanpa hori amaituta, eta herritarren iritziak jasotzeko asmoz, bilera irekiak egingo ditu udalak.
Guztira bost bilera antolatu dituzte: horietatik hiru herritarrekin egingo dira, eta gainontzeko biak ostalariei eta merkatariei zuzenduak izango dira.
Lehenengo bi bilera gaur izango dira, eta azkenenengoa, berriz, ostiralean. Bilera guztiak Oxford aretoan egingo dituzte, eta auzoka banatuta antolatu baditu ere udalak, saio guztiak irekiak izango dira; beraz, herritarrek bilera batera edo bestera joateko aukera izango dute, guztietan dinamika bera jarraituko dutelako.
Bost bilera hiru egunetan
Gaurko udalak deitu dituen bilerak bi dira: 09:30ean, herriko ostalariekin bilduko da. Bigarrena, 18:00etan hasiko dena, aparkalekuak erregulatutako guneko bizilagunekin eta inguruko auzoetakoekin (Oikia-Narrondo-Artadi) egingo du.
Hirugarren eta laugarren bilerak bihar izango dira: 14:30ean, herriko merkatariekin bilduko da udala; 18:00etan, berriz, Basadi, Aita Mari eta Patxita Etxezarretako bizilagunekin. Azken bilera ostiralerako deitu du: 18:00etan hasita, Alai auzategiko, Estazioko, Jadarreko eta Puntanuetako bizilagunekin bilduko dira udal ordezkariak.
Saio guztietan dinamika bera jarraituko du udalak: aurrena, lehen fasetik jasotako datuen eta lehen iritzien inguruko balorazioa aurkeztuko du. Horrekin batera, datorren urtera begira erregulazio sistema herri osora zabaltzeko landutako lehen zirriborro proposamena azalduko du. Herritarrek iritziak emateko eta proposamenak eta ekarpenak egiteko tartea ere izango dute; horretarako, parte hartze mahaiak osatuko dituzte, gaia taldeka sakontasunean aztertu eta jorratu ahal izateko.
Hurrengo urratsak
Behin herritarren ekarpenak eta iritziak jasota, mahai teknikoan jorratuko du udalak proposamena, eta bigarren dokumentu bat landuko du. Ondoren, beste saio ireki batzuk antolatuko dituzte, proposamen berria herritarrei aurkezteko.