Ezkerretik eskuinera: Sara Anton, Nagore Osa, Ainhoa Peña, Eneritz Arizmendiarrieta eta Anne Campo. ('Vidas en positivo' taldea)
Eneritz Arizmendiarrieta, Sara Anton, Anne Campo, Ainhoa Peña eta Nagore Osa Mondragon Unibertsitatean irakasten den LEINN graduko ikasleak dira. Bertan, enpresak sortzeko eta autogestionatutako taldeak eraginkortasunez kudeatzeko prestakuntza jasotzen dute, eta urtarriletik apirila bitartean Txinan eta Indian izango dira hainbat proiektu garatzen. "Beste herrialde batean eta beste errealitate batean ekintzaileak izateko ikastera goaz. India nahiko herrialde konplexua da; hazten ari da, baina oraindik arazo sozial asko dituen herrialdea da", azaldu dute.
Donostiako Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundearekin jarri dira harremanetan
Vidas en positivo proiektua garatzeko. Bombaytik gertu dagoen herri bateko komunitate batean, Hiesa duten emakume talde bat dago, eta hainbat proiektu garatzen dituzte han. "Elkartearen helburua da, batez ere, emakume horiei ahalduntzean laguntzea", adierazi dute proiektuaren sustatzaileek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017-2018 urtean proiektu hori lagundu du, baina epe luzean garatzen laguntzeko ez dago diru poltsarik. "Beraz, gure helburua da diru poltsa hori lortzea, eta horretarako finantzaketa kolektiboa abiatzea pentsatu dugu", azaldu dute.
Kontzientziazioa
Boskoteak proiektuaren Gabonetako kanpaina aurrera eraman beharko du. Horretarako, abenduaren 1ean, Hiesaren Nazioarteko Egunean, kanpaina martxan jarriko dute. "Egun horretan bi bideo plazaratuko ditugu. Lehenengoan, Indiako emakumeek bizi duten egoera islatuko dugu, hiru faktore oinarri hartuta: pobrezia, prebentzio falta eta emakumea izatea. Bigarrengo bideoan, berriz, proiektuaren nondik norakoak azalduko ditugu". Horrez gain, Tinder aplikazioarekin jolas moduko bat aurrera eramango dute. "Jendearekin ligatuko dugu, eta elkarrizketaren une batean kondoia erabiltzen duten edo ez galdetuko diegu. Segidan, gure bideoa bidaliko zaie. Horrekin gazteen artean kontzientziazioa edo sentsibilizazioa garatzea lortu nahi dugu. Izan ere, datuen arabera, Euskal Herrian gaixoen indizea hazten ari da", kontatu dute.
Hiesaren aurkako eguna
Boskoteak aurrera eramango duen Gabonetako kanpaina abenduaren 1etik eta 31ra bitartekoa izango da, eta Goteo plataformaren bidez abiatuko dute finantzaketa kolektiboa. Guztira, 100.000 eurotan jarri dute proiektua garatzeko gehienezko diru kantitatea, eta bertan parte hartzen duenak hainbat sari lortzeko aukera izango du. Alde batetik, GKEak egindako Indiako poemekin eta argazkiekin jositako liburu bat, eta bestetik, hiru formatutako kotoiz eta haziz egindako opari moduko paperak.
Gainera, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen zenbait ekintza egingo dituzte. Horietako bat gaileta edo bonboi itxura duen pakete bat banatzea izango da. "Zabaltzean,
aukeratu! jarriko du. Alde batean kondoi bat egongo da, eta beste aldean gaixotasunak dakarren ondorio bat. Gure kasuan, aukera hor dagoela ohartzeko balioko du. Emakume indiarren kasuan, ez dute aukerarik".