Gaurko saioko irudia. (Bertsoa.eus)
Gaur jokatu dute Durangon Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa, eta gaur abestu duten bertsolarien puntuazioarekin ebatzi da zein 18 bertsolari igaro diren finalaurrekoen bigarren itzulira. Hain zuzen ere,
Jon Maia zumaiarra eta Nahikari Gabilondo iritsi dira aurtengo txapelketaren finalaurrekoetara, eta Maiak aurrera egin badu ere, Gabilondo lehiatik kanpo gelditu da.
Landako gunean izan da gaurko saioa, eta han abestu dute Aitor Mendiluzek, Iñaki Apalategik, Miren Amurizak, Miren Artetxek, Oihana Iguaranek eta Jon Maiak. Mendiluzek irabazi du saioa 740,5 puntu batuta eta beste bertsolariei alde nabarmena aterata. Bigarren sailatu da Miren Amuriza 678,5 punturekin; hirugarrena izan da Maia, 675 punturekin; laugarren, Iguaran 671 punturekin; bosgarren Iñaki Apalategi, 648 punturekin; eta Miren Artetxe seigarren, 639 puntu batuta. Gaurko saioan abestu duten bost bertsolari igaroko dira finalaurrekoen hurrengo fasera; izan ere, Apalategi berak jarri du puntuen langa, eta 648 punturekin bera da hurrengo fasera sailkatu den 18. bertsolaria.
Horrenbestez, Jon Maia ere hurrengo fasean izango da. Datorren igandean Amurrioko oholtzan izango da Beñat Gaztelumendirekin, Etxahun Lekuerekin, Jon Martinekin, Nerea Ibarzabalekin eta Sustrai Colinarekin batera. Finalaurrekoen bigarren itzuliko bigarren eta hirugarren saioak, berriz, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira azaroaren 26an eta abenduaren 2an, hurrenez hurren. Honako bertsolari hauek kantatuko dute bi saio horietan: Agin Laburuk, Igor Elortzak, Iñaki Apalategik, Jone Uriak, Julio Sotok eta Maialen Lujanbiok Amurrion; eta Aitor Mendiluzek, Aitor Sarriegik, Miren Amurizak, Oihana Iguaranek, Unai Agirrek eta Alaia Martinek.
Finalaurrekoen lehen itzulian lortutako puntuei bigarren itzulian lortutakoak batuko zaizkie, eta puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolari ariko dira abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatuko den final nagusian, Amets Arzallusekin batera.
Eskualdeko lau bertsolarik parte hartu dute aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian, baina Jon Maia zumaiarrak eta
Nahikari Gabilondo zarauztarrak soilik lortu zuten finalaurrekoetara sailkatzea. Gabilondok oso zaila zuen hurrengo itzulira pasatzea; izan ere,
Bastidan 600 puntu lortu zituen zarauztarrak. Nahikari ere lehiatik kanpo geldituta, Maiak izango du finaleko zortzi aulkietako bat lortzen saiatzeko parada.
Felix Zubia zarauztarra eta
Beñat Lizaso azpeitiarra final laurdenetan gelditu ziren txapelketatik kanpo.