Iñaki Segurola PUNTUKA: 'Hausturatxo soziala'

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 9a

Badira gai minbera batzuk elkarrekin ozpintzeraino garamatzatenak. Bat haserretu zitzaidan behin IruñaVeleia asuntoagatik; beste batekin gehitxo berotzen naiz beti homeopatia aitatzen dugun bakoitzean; eta, oraindik orain, txapelketako bertsoei buruz hitzegiteari utzi egin behar izan diogu bi lagunek elkarrekin takartzen ari ginelako. Txapelketan puntuak irabazteko botatzen diren bertso horiekin, kasik esango nuke hausturatxo soziala dagoela gure artean; ezin dugu elkar ulertu: ikaragarri desberdin ulertzen edo hartzen ditugu zorioneko bertso-funtziyo horiek. Adibidetxo bat, oso nabarmena: atzo-zortzi Irungo txapelketako saioan oraindainoko bertsolari puntutsuenak botatako kartzelako bertsoak "antologikoak" izan omen ziren eta inoizko onenak dira batzuentzat, eta nere moduko askorentzat ia kontra-kontrakoa dira; bai: inoizko eskasenetakoak, eta pretentsio gehiegiak izugarri itsustuak. (Oharra, aurrera baino lehen: hola jarduteak hausturatxo pertsonala dakarkit; asko estimatzen dudan pertsona batek egindakoaz ez nuke hola hitzegin nahi, baina egia esatea ere asko estimatzen dut.) Haustura edo etena nabarmena da oso: batzuek liluratu egin dituzte bertso horiek beren osoan, eta beste batzuk aurreneko bertsoa bukatzerako asperturik gaude. Neri bertso horiek ez zaizkit sartzen, besterik gabe, baina beste askotxori atzerakada garbia eta trixtura ematen diete, eta sufrikario bihurtzen dira ia. Nere ezagunen artean bertso horiek maite dituen bakarrak esaten dit guk ez dugula ulertzen gaurko bertsolaritza, eta aitatutako bertso horietan bertsolariak egiten duena dela zeoze "performatibizatu" eta "esanahi bat transmititu", eta horretan ondo ari da: ez ditugu gauza horiek ulertzen eta ez gara iristen. Dena dela, beste alderdiko lagun bizkaitar batek idatzi dit esanez bertso-performari hauek egiten dutena dela "asto joan eta mando etorri"; hau da: estereotipo batzuetatik ihesi, beste estereotipo haundiagoetan amildu, eta, bidez batez, hizkuntza betiko "pirritxporrotxtuten" digutela. Bestela esanda, eta Xenpelarren hitzez esanda, "eskola ona" erakusten duenak irabazten duela hemen; eskola edo jarrera on-eguneratuenari neurriak eta oinak jartzen dizkionak eramaten dituela puntuak txapelketan, eta eraman izan dituela beti; garai batean "relijiyua", gero "eusko gudariak" eta orain "transgorputzak" gehiena eta ondoena goresten dituen huraxe txapeldungai sendoena: idealizazio aingerutarrak beti ere, garaian garaikoak. Eta komunio performatzaile hori zoragarria iruditzen zaigu, baina ez da guretzat egiten dena; horretarako, nolabait esanda, itzalik gabeko eguzki betea maitatu behar da gauza guztien gainetik, eta guretzat ezinezko maitasun bat da hori. Eta bestalde, baina ez oso bestalde, ezinezko maitasuna da belarritik inola ere sartzen ez den maitasun bat. Indarka eta derriorrean sartzen dira bertso horietako puntu gehienak gure belarrietan, eta batzuk ez dira inolako moduz sartzen; adibidez, puntu hauxe, gehitxo esan nahiak ezer pulamentuz ez esatera ekarri duena: "nere gerripe zintzilikako / desira ari da puzten". Harrapazazue performagunetik! Ez dugu ulertzen transeuskara hori, eta ez dakigu ze trantsiziotan harrapatzen dugun ere: edo euskara izateko bidean den edo bidetik bueltan datorren. (Badakigu epaileek zer egiten duten potoekin, baina ez zer egiten duten holako "petoekin".) Guk ez dakigu zer den "performatibizatu", baina hola hitzegitera jar gintezke, esanez, adibidez, bertso-meza horietara joaten direnek egiten dutena dela, gure ustez, «hiperbentilatu», eta asko gainera. Eta hori beti gertatu izan da era guztietako meza-gauzetan; sermoiak ere txar-txarrak izan ohi ziren gehienak, baina elizako argiak, intsentsuak, organoak, apaizaren seriotasunak eta oroz gain fedeak izugarri edertzen zituzten. Bertso horiek eta horien tankerakoak artea omen dira, eta bai, litekeena da, zeren horixe baita arte garaikideenarekin gertatzen dena ere: erakustoki edo performagunetik kanpora ezer gutxi edo batereza dela. Nik ez dakit "haustura soziala" zer den, baina agintariek horren arriskua atera ohi dute mugimendu kolektibo bizigarriak zapuzteko. Dakidana da hausturatxoak eta etentxoak bederen, txapel-bertsoei edo beste zernahiri buruzkoak, oso direla beharrezkoak eta osasungarriak, zeren penagarria bailitzateke "herri hau sortzen segitzea"... aho batetik eta aho batez; txalo batetik eta txalo batez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide