Jon Maiak finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioan abestuko du igandean

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 8a

Durangon izango da saioa, eta zumaiarrarekin izango dira oholtzan Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. 17:00etan hasiko da saioa Landako gunean. Saioan erabakiko da zein 18 bertsolari sailkatuko diren bigarren itzulira.

Saioak joan eta saioak etorri, aurrera doa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Igandean Durangon izango da finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa, eta bertan abestuko du Jon Maia zumaiarrak. Harekin batera izango dira Landako guneko oholtzan, Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. 17:00etan hasiko da saioa, baina 15:30erako zabalduko dituzte ateak. Sarrera guztiak bukatuta daude. Igandeko saioa bukatzean erabakiko da zein 18 bertsolari igaroko diren bigarren itzulira. Finalaurrekoetara 24 bertsolari sailkatu ziren, eta horietatik seik ez dute hurrengo fasean segituko. Amurrion, Donibane Loihizunen eta Iruñean izango dira bigarren faseko hiru saioak, azaroaren 19tik abenduaren 2ra bitartean. Bigarren itzuli horretan parte hartuko duten 18 bertsolarietatik zazpik lortuko dute finalerako txartela, eta finalean Amets Arzallus duela lau urteko txapelketaren garailea batuko zaie. Eskualdeko lau bertsolarik parte hartu dute aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian, baina Jon Maia zumaiarrak eta Nahikari Gabilondo zarauztarrak soilik segitzen dute lehian. Dena den, Gabilondok oso zail du aurrera egitea; izan ere, lehen itzulia bukatzeko saio baten faltan, azken postuan da orain arteko saioetako bertsolarien sailkapenean, Bastidan 600 puntu batu baitzituen. Felix Zubia zarauztarra eta Beñat Lizaso azpeitiarra final laurdenetan gelditu ziren txapelketatik kanpo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide