Felix Asensio, Jose Ignacio Asensio eta Garbiñe Olaberria. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako departamentuak Gipuzkoa Argitu programa abiatu berri du. Bihar izango da doako tailerra Zumaian, 17:30ean, Forondan. "Programaren helburua da Gipuzkoako herritarrei bideak ematea eraginkortasun energetikoan aurrera egiteko, eta energia kontsumoa murrizteko", aipatu du Garbiñe Olaberria departamentuko teknikariak.
2017, 2018 eta 2019 urteei begira prestatu duten ekintza planak hiru zutabe ditu. Lehenengoa egun hauetan gauzatzen ari direna da: norberaren kontsumo datuak ezagutzearen eskubidea ezagutaraztea eta herritarrei horretan laguntzea helburu duena. Bigarrengo blokean, behin datuak edukita, energiaren kontsumoa murrizten eta eraginkortasunean laguntzea izango da nahia. Azkenekoan, hirugarren blokena, energia hezkuntza lantzea dute asmoa. "Momentu honetan lehenengo blokean aurkitzen gara, hau da, datuen ezagutzaren eskubideari buruzkoan. Herritarrek eskubidea dute datuak ezagutzeko. Azken batean, beren etxean, komertzioan edo lantokian duten energia kontsumoa jakin dezakete, eta horrez gain, zein ordutan zenbat kontsumitzen duten", esan du.
Herritar askok ez daki datuen ezagutza eskubide bat denik ere. "Argindar kontsumoaren faktura iristen zaie, eta pentsatzen dute hor dauden datuak direla ikusi daitezkeenak, ordaintzen dute eta kitto. Baina behin datuak ikusteko aukera dagoenean, beste hainbat aldagai daudela ohartzen dira: adibidez, noiz diren kontsumo datu altuagoak eta noiz baxuagoak, kontratatutako potentziara iristen diren edo ez... Eta tarifak aldatu daitezke bakoitzaren kontsumora... egokituta", gaineratu du Olaberriak.
Lanketa moduak
Programaren lehen blokea hiru bidetatik jorratuko dute. Alde batetik, herrietan egingo dituzten tailerren bidez. Horietan herritarrei datuak non aurki ditzaketen azaltzen zaie: non eman behar duten izena eta nola eskuratu datuak. "Horrez gain, tailerretan azaltzen dena hiru tutorialetan jaso dugu. Horiek
argitu.eus webgunean kontsulta daitezke. Bestaldetik, departamentutik, Usurbilgo Lanbide Eskolarekin elkarlanean, antolatzen ditugun energia feriak daude. Horietan energiarekin lotutako gauzak azaltzen dira, eta aholkularitza puntu bat ere badaukagu edozein zalantza argitzeko", kontatu du.
Iberdrola distribucion enpresaren tresnari esker (argindar banatzailea baita ia Gipuzkoa osoan), erabiltzaile bakoitzak bere datuak ikusi ahal izango ditu, eta era horretan jakin dezake kontsumoa zenbatekoa izan duen. Gero, neurriak har ditzake kontsumoa murrizteko eta argindarraren faktura optimizatzeko. Tutorialari esker, berriz, honako datuak jakin daitezke: nola eskuratu noberaren argindar kontsumoaren datuak, nola murriztu kontsumoa, nola aukeratu tarifarik egokiena eta nola egiaztatu kontratatutako potentzia dela benetan bakoitzak behar duena.
Energia murriztea eta eraginkortasuna bilatzea ez da diru kontua bakarrik. "Azkenean, energiarekin daukagun harremana gure faktura da, eta gastatzen duguna dirutan neurtzen dugu. Baina datuak ezagutzeak tarifa murrizten lagundu dezakeen bezala, kontsumoaren kontzientzian laguntzen du, eta beraz, bidea ematen du kontsumoa murrizteko ahalegina egiteko", adierazi du Olaberriak.
Esperientzia pilotua
Argitu proiektu pilotua 2015. urtean abiatu zuten; horri esker, 400 familiak ezagutu zuten beren etxebizitzetako argindar kontsumoaren eguneroko kurba. 400 familiak parte hartu zuten orduko esperientzian, eta familia bakoitzari kontagailu digitalak ezarri zizkieten etxeetan. "Neurgailuak datuak bidaltzen zituen etxe horretako modemera, eta horiek guztiak plataforma batera bideratzen ziren. Erabiltzaileak ahalik eta modu errazenean ibiltzeko prestatuta zegoen, eta plataforma berak aholku batzuk ematen zituen energia murrizteko", azaldu du. Etxebizitzek %6 inguru murriztu zuten argindar kontsumoa ekimenak iraun zuen urtebetean. "Esperientzia horren bitartez ikusi genuen datuak ezagutzeak laguntzen duela energia aurrezten, gutxiago kontsumitzen", baieztatu du aldundiko teknikariak.
Energiaren gaia, gai astuna eta gogorra dela aitortu du Olaberriak; "baina, zenbat eta ezagutza gehiago eduki funtzionamenduari buruz, herritarrei errazagoa eta ulergarriagoa egingo zaie gaia. Horregatik, animatu nahi ditut herritarrak antolatu ditugun tailerretan parte hartzera".