Moilako TAO gunean aparkatutako autoak. (Juan Luis Romatet)
TAO sistema berria kudeatzeaz arduratu den Ipark enpresak emandako zenbait daturen berri eman du udalak. Datu hauek esku artean hartuta, sistema aztertu eta, beharrezkoa bada, hobekuntzak egiteko denbora hartuko du orain udalak, hurrengo udari begira. Gainera, sistemaren balorazioa herritarren parte hartzearekin egiteko konpromisoa dauka Udal Gobernuak.
Iparkek eta udalak emandako datuen arabera, Zumaian gaur egun 6.333 auto daude erroldatuta –ia auto bat gidatzeko adinean dagoen zumaiar bakoitzeko–. Datu hori auzoka aletuta ere eman dute: Poligonoetan dago auto gehien, 2.761; Arrangoleta eta Amaiako plazan 1.227 auto daude, Alde Zaharrak eta San Josek osatzen duten eremuan 1.032 auto, Larretxon 488 eta Ardantzabiden 421; Oikia, Narrondo, Artadi eta Txikierdin 275 auto daude. Azkenik, badaude beste 129 ibilgailu enpresen izenean erroldatuta.
TAO sistema berriarekin, gaur egun 2.547 egoiliarrek eskuratu dute txartela. Kontuan izan behar da Poligonoetako bizilagunak sistematik kanpo utzi dituztela aurten –datorren urtean zabalduko dute herri osora–.
Egoiliar txartelak, eremuka sailkatuta, hauek dira kopuruak: Ardantzabiden 517, Alde Zaharrean eta San Josen 680, Larretxon 293, Arrangoletan eta Amaiako Plazan 928. Kopuru hauetan batuta daude, egoiliarrak, bigarren etxebizitzak, langile txartelak eta Oikia, Artadi, Narrondo eta Txikierdikoek eremu bakoitzean eskatutakoak.
Kopuru horiekin batera, araututako aparkalekuek aurten zer erabilera izan duten ere neurtu du Ipark enpresak. Egoiliarrentzat gordetako aparkalekuek %75 inguruko okupazio maila izan dute. Eremuka aztertuta hauek dira datuak: Ardantzabiden %73,97 (95 leku); Alde Zaharrean eta San Josen %78,30 (1.186 leku); Larretxon %77,51 (174 leku); Arrangoletan eta Amaiako plazan %68,70 (265 leku).
Ordainpeko aparkalekuei dagokienez, erabilera maila apalagoa izan dute. Moilan eta Arbustainen errotaziorako gordetako 84 lekuen erabilera %39,73koa izan da; Julio Beobideko 88 lekuena, berriz, 35,33koa.
TAO sistemaren kosteaz eta sortu dituen diru sarrerez udalak oraingoz ez du daturik eman. Herritarrekin egingo diren bileretan informazioa zabalago emango duela jakinarazi du.