Eneko Merinoren proposamenak irabazi du lehiaketa. (Maria Maya Manterola)
Zumaiako bizilagun Eneko Merino hondarribiarrak irabazi du Urola Kostako kultura eta sormen industriak sustatzeko logo eta lelo lehiaketa. Atzo eguerdian jaso zuen 1.200 euroko saria Urola Kostako Udal Elkartean egindako ekitaldian, Sorkide, Urola Kostako Kultura eta Sormen Industriak lanagatik.
Irailean abiatu zuten lehiaketa, eta udal elkartea osatzen duten udalerrietan (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) kultura eta sormen industrien alorrean diharduten pertsona, enpresa eta ekintzaileek zuten bertan parte hartzeko aukera. Zazpi proposamen jaso dituzte, eta saria banatu baino lehen, lanak defendatzeko aukera izan zuten guztiek. Hala, diseinuaren sorkuntza prozesuaren gaineko azalpenak eman eta aurkeztutako lanak erakutsi zizkieten parte hartzaileek bertaratutakoei.
UKUEko Enpresentzat Zerbitzuak saileko teknikariak, prospekzioa teknikariak, mankomunitatea osatzen duten udaletako bi kultur teknikarik eta Kultur eta Sormen Industrietako aditu batek osatu dute epaimahaia, eta urriaren 26an batu ziren lanak aztertzeko. Aurkeztu diren proposamenen "maila, lanketa eta egokitasuna" azpimarratu zuten.
Aldundiaren Gipuzkoako lehiakortasuna eta lurralde kohesioa sustatzeko programaren laguntzarekin garatutako Urola Kosta, eskualde sortzailea egitasmoaren bidez, UKUEk bailarako kultura eta sormen industrien gaitasun, ahultasun eta beharren azterketa egin du. Sektoreko profesionalekin hainbat topaketa egin ondoren, arlo hori indartzeko sektorean "sare bat" eratzea eta "sektorea profesionalizatzea" agerian geratu dela azaldu zuten. Horregatik erabaki zuten logo eta lelo lehiaketa martxan jartzea.
Honenbestez, udal elkarteak bailarako sormen eta kultura industrien lehiakortasuna hobetzeko bideratuko dituen ekimenetan Merinoren proposamena erabiliko du.
Eneko Merino: "Ukitu industrial bat eman nahi nion aurkeztu dudan lanari"
Orain arte ere diseinu lanetan ibilia zara, ezta?
Bai, diseinatzailea naiz. Hala ere, logo lehiaketa batean parte hartzen dudan lehenengo aldia da. Jaietako kartelen lehiaketa batean ere eskuratu nuen saria. Zorte handia izan nuen.
Nola bururatu zitzaizun aurkeztu duzun proposamena?
Argi nituen logotipoak transmititu behar zituen pare bat kontzeptu. Batetik, edozein kultur adierazpenen muinean sormen prozesu bat dagoela. Sormen prozesu horri ukitu berezia eman nahi nion, eta horregatik eman diot garrantzia nire diseinuan.
Bestetik, sare kolaboratiboaren kontzeptua interesgarria iruditzen zitzaidan. Sare kolaboratiboa osatzen duten kide desberdinen arteko elkarlanari ere balioa eman nahi nion. Hortik dator marka osatzeko erabili dudan Sorkide hitza. Bi bertsio aurkeztu ditut, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa.
Sorkide hitzarekin batera, bi laukizuzen koloretsuk osatzen dute irudia.
Bai. Sortzaile desberdinen arteko elkarlanean bi sorkide ezberdinen artean lehen kontaktua ematen denean gertatzen den egoera hori nahi nuen iradoki. Txartel korporatiboen elkatrukea izaten da askotan lehenengo pausoa. Bakoitzak bere diziplinatik partekatzen du bere txartela. Horregatik agertzen dira logotipoaren eskuinaldean bi txarteltxo. Bestalde,
i hizkiaren puntuan ere txartel txiki bat agertzen da. Enpresa txikiek eta autonomoek ere lekua dutela aditzera eman nahi nuen xehetasun horrekin.
Zer dela eta erabili dituzu kolore grisa eta gorria?
Kolore grisa aukeratu dut, bai, kultur eta sormen industriarako kolore egokia dela irizten diodalako. Ohiko ereduetatik aldendu nahi nuen zentzu horretan. Urola Kostako herri bakoitza ordezkatzen duten koloreak erabiltzea da ohikoa, eta oso erraz dakigu bakoitza identifikatzen. Baina topiko horietatik alde egin eta izaera industrialagoa duen zerbait egin nahi nuen. Gainera, hondo zuriarekin eta kolore beltzarekin ere ongi ematen duela iruditzen zait.
Honekin guztiarekin gaur egungo logotipo berritzaile bat egin nahi nuen, euskarri guztietan ongi funtzionatuko lukeena.