Laukote lehiaketako irabazleek Zumaiako Musika Jaialdiko inaugurazioan jotzeko aukera izaten dute. (Juan Luis Romatet)
Hilabete eta erdi barru klarinetearen doinuak entzungo dira Zumaiako zenbait eraikinetan: Ubillosen, Komentuan, Alondegian... Euskal Herriko hainbat herritako musikariak bilduko dira Zumaian. Aurtengoa hamaseigarren edizioa izango du Klarinete Maratoiak. Bertan izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko, antolatzailea den Sapere Aude Sinfoniettaren webgunean eman daiteke.
Azaroan egin izan da klarinetea protagonista nagusia duen Zumaiako jardunaldia. Aurten, ordea, abendurako antolatu dute, 13tik 17ra bitarterako, hain zuzen ere. "Carlos Casadoren agendaren arabera antolatzen dugu: ikusi egin behar da orkestrak noiz dituen egun libreak, bera Zumaiara etor dadin", azaldu du Marixi Sesma klarinete-joltzaileak eta Zumaiako Klarinete Maratoiko antolatzaileak.
Aurten ere ez du hutsik egingo Carlos Casado klarinetista valentziarrak eta Espainiako Orkestrako kideak. Bera da Maratoiko apeua; klaseak emateaz arduratuko da eta, horrez gain, kontzertu bat ere emango du.
Taldekako klaseak emango dituzte, baina bakarkakoetan parte hartzeko aukera ere izango da. "Bakarkako klaseek indarra hartu dute azken urteetan. Lehen taldeko jarduerez gain, Carlosekin [Casado] bi klase jasotzeko aukera izaten zen. Aurten ere aukera hori izango da; baina bere agenda kontuengatik, bakarkako klase bat astean zehar emango du eta beste bat asteburuan".
Maratoian urtero 80 eta 90 ikasle inguru biltzen direla azaldu du Sesmak. "Ehun etortzen badira, ongietorriak izango dira". Interesdunek abenduaren 1a arte dute izena emateko aukera
sapereaudesinfonietta.com/klarinete-maratoia atarian.
Lehiaketa eta kontzertuak
Zumaiako Musika Eskola Bandan eta Musika Bandan klarinete-jotzaile gutxi zegoen garaian sortu zuten lehen Klarinete Maratoia. Helburu hori aspalditik beteta dute topaketei esker, eta geroztik maratoiaren barruan sortutako jarduerak bultzatu dituzte, hala nola, laukoteen lehiaketa. Sesmaren esanetan, gero eta indar handiagoa duen lehiaketa da. "Hiruzpalau urte dira antolatzen dugula, eta iaz hamahiru laukotek parte hartu zuten. Adin horretako musikariek duten foro bakarretakoa ere bada".
20 urte arteko klarinetistei zuzendutako lehiaketa da, eta hiru multzotan banatuta aritzen dira: 8 eta 12 urte bitartekoak, 13 eta 16 artekoak eta 17tik 20ra artekoak. "Musikariek baldintza bat dute: zortzi minutu dituzte nahi duten errepertorioa defendatzeko. Hortik aurrera, beraiek antolatuta entseatzen dute. Autonomia bat lortzen dute. Maratoiak musikari gazte horien sare bat sortzea ere lortu du, eta oso polita da hori. Maratoia abiapuntu bat ere bada gazte musikarientzako".
Laukoteen lehiaketa abenduaren 16an, larunbat arratsaldez, egingo dute komentuan. Aurtengo Klarinete Maratoiko lau kontzertuetako bat izango da hori. Lehen egunean, abenduaren 13an, ikasleen kontzertua izango da. Abenduaren 14an ohiko pintxo-pote musikala egingo da Valentin Manterola pintorearen estudioan. Hurrengo egunean, irakasleen kontzertua izango da, komentuan. "Indarra hartzen joan den emanaldia da hori, eta dagoeneko irakasleen ensemblea ere sortu da". Bukatzeko, abenduaren 17an, Alondegian, kamera kontzertua egingo dute. "Casadok disko bat grabatu nahi du, eta pianorako eta klarineterako errepertorio horrekin kontzertua emango du".