Etorkizunera begirako lana

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko urriaren 31

Pasa den ostiralean eta larunbatean, Parolaldeko dikean egindako lanak ikusteko aukera izan zen. Horretarako Zumaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bisitaldia antolatu zuten, eta herritarrez gain, bertan izan ziren Oier Korta alkatea eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua. Urte eta erdian egin diren lanekin pozik agertu ziren biak. "2014ko itsasaldian haustura handi bat gertatu zen, eta ez dikearen alde zaharrean bakarrik, muturrean ere bai. Beraz, hori ere sendotzeko lanak egin dira", adierazi zuen Kortak. "Itsasoaren aurrean ezin da ezer ziurtatu, baina espero dugu behin betiko konponketak izatea", gaineratu zuen. Konpondu eta sendotu Obrak lau fasetan egin dituzte, eta Eusko Jaurlaritzaren  2.397.925 euroko aurrekontuarekin egin dira. Lehen fasean, dikearen alde zaharreko 220 metrotan, ezpondaren sendotzea eta handitzea egin dira. Itsasaldean, gainera, 25 tonako hormigoizko blokeak jarri dituzte. Bigarren fasean, kanpoko ezponda sendotu dute, eta horretarako, 40 tonako blokeak sartu dituzte. Hirugarrenean, berriz, Paroleko muturra  sendotu dute. Horretarako, 50 tonako blokeak erabili dituzte bertan. Azkenik, barrualdeko ezponda sendotzeko, 1 eta 3 tona bitarteko pisua duen zulodun harriak jarri dituzte. Josu Aguirrezabalaga Sestrako ingeniariak bisitaldian aipatu zuenez, dike zaharreko zatian "ezponda sendotzeko 0,70 eta 1,90 metro arteko altuera gehiago eman diogu". Dike zaharra 1930. urtean eraiki zuten, eta, hain zuzen ere, zati horri eman zaion altuera da herritarren kezka nagusia. Tapiaren ustez, "orain arte beste era batera ikusi dugu dike zaharra, eta egin diren konponketek harridura sortzen dute.  Baina, azken urteetako olatuek eragin dutena, eta itsasoa nola datorren ikusita, altuera eman behar izan da. Ez da kapritxoa izan". Lanak uste baino gehiago atzeratu badira ere, urte amaierarako zabalduko da. "Ulertzekoa da herritarren ezinegona; izan ere, asko erabiltzen den eremua da. Baina egin den inbertsioa eta lana ona da, eta herriak eskertuko du", esan zuen alkateak. Hona hemen ostiralean eta larunbatean Parolaldeko dikera egindako bisitaldiko argazkiak: (Argazkia: Eusko Jaurlaritza eta Izaskun Urbieta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide