Narrondo eta Iraeta arteko bidegorria martxa. (Eider Bereziartua)
Arroabeko herritarrek urteak daramatzate Zestoa eta Zumaia lotzeko falta den bidegorri zatia egiteko eskatzen. Iraeta eta Narrondo arteko zatia eraikitzea falta da Urola bailarako bidegorri sarea lotzeko, eta gaia lantzen hasteko batzorde berezi bat sortu zuen iazko urtearen hondarrean Arroabeko hainbat bizilagunek.
Orduz geroztik, hainbat bilera egin dituzte batzordeko kideek, bai herritarrekin eta bai erakundeetako ordezkariekin. Besteak beste, Zestoako eta inguruko udaletako, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu dira batzordeko kideak. "Urtebete honetan erakunde horietako guztietako ateak jo ditugu, eta hitz politak baino ez ditugu entzun: gu entzuteko prest daudela, ados daudela bidea amaitu beharra dagoela uste dutela... Baina errealitatea da hitz polit horiek ez dutela inongo ekintzarik ekarri", azaldu dute batzordeko kideek.
Joan zen asteazkenean bidegorriaz hitz egiteko bilera antolatu zuten Arroabeko bizilagunek Zumaian. Han azpimarratu zuten bidegorria osatzea behar-beharrezkoa dela auzotarrentzat, "Arroa irla bat" delako. "700 pertsona bizi gara Arroabean eta kaiola baten barruan gaude". Jaurlaritzak auzoan puntu beltz bat antzeman duela adierazi zuten; hain zuzen ere, Bombas Azkue aurrean dagoen bidegurutzea. "Leku horretarako biribilgune bat egiteko proiektua dago, eta garrantzitsua litzateke proiektuan bidegorria txertatzea, behin egin eta gero berriro ez zulatzeko, Txiki Erdin gertatu zen bezala". Ez da hori auzoak duen puntu arriskutsu bakarra, auzotarren arabera: "Zestoa aldera oinez joanez gero, tunela dago eta hor bazterra oso estua da. Gainera, kotxeak abiadura handian pasatzen dira". Bileraz informazio gehiago,
Baleike.eus-en.
Gaia ez aurrera eta ez atzera dagoela ikusita, iazko moduan, bidegorriaren aldeko aldarria kalera aterako dute herritarrek bihar. Gaia gizarteratzeko hainbat egitasmo egin dute azken hilabeteetan, eta biharko martxa berezia antolatu dute bidegorriaren aldeko batzordeak eta Zestoako Astindu taldeak. Bidegorri zatia aldarrikatzeko martxa
Herriak lotu, bidegorria amaitu lelopean egingo dute. Martxa bi tokitatik abiatuko da, eta, beraz, bi ibilbide prestatu dituzte: Lasaotik Arroako autobideko biribilgunera joango da martxaren zati bat; eta, bestea, Zumaiatik biribilgunera.
Lasaotik 10:30ean abiatuko dira parte-hartzaileak, eta Zestoa eta Iraeta zeharkatu eta gero iritsiko dira Arroako biribilgunera. Zumaiako Beheko plazatik, berriz, 11:30ean aterako da martxaren bigarren zatiko parte hartzaileak, eta Narrondo eta Arroabetik pasatu ostean, beste ibilbidea egin duten lagunekin elkartuko dira biribilgunean.
Parte hartzaile guztiak elkartzen direnean, 12:30ean, ekitaldia egingo dute biribilgunean bertan. Ondoren, festa giroa izango da Arroabean; izan ere, musikaz eta pintxoez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek.
Hilaren 28ko martxak elkarte eta herritar askoren babesa jaso duela gogorarazi dute egitasmoaren antolatzaileek, eta herritarrei bidegorriaren aldarrikapen ekimenean parte hartzeko deia egin diete.