Patricia Ponce ekitaldi batean. (Patricia Ponce)
Espainiako emakumeen partaidetzarako eta berdintasunerako elkarteen koordinatzailea da Compi, eta urtero jardunaldiak antolatzen dituzte autonomia erkidego batean. Aurten, Euskal Autonomi Erkidegoa aukeratu dute: Haurralde Fundazioarekin elkarlanean, gaur arratsaldean eta bihar goizean Compi jardunaldiak egingo dituzte Zumaian. Haurraldeko arduradun Patricia Poncek azaldu duenez, "Zumaia oso herri erakargarria da, eta, gainera, bertako udalarekin eta Berdintasun sailarekin harreman oso ona dugu. Aurretik hainbat ekintza antolatu ditugu, eta horregatik aukeratu dugu jardunaldi hauek ere bertan egitea".
Askotariko diskriminazioen aurrean jasotzen diren ekintza feministen inguruan mintzatuko dira bi egunetan. Baztertze egoerak esparru anitzetan ematen dira: adineko emakumeetan, emakume gazteetan, emakume nekazarietan eta emakume etorkinetan, besteak beste. Emakume nekazarien kasuan, esaterako, Hitzez Baserriko Emakumeen Elkarteko lehendakaria den Ana Eizagirre zumaiarrak bere esperientzia kontatuko du.
Intersekzionalitatea
"Gizarteko kolektiboak ez dira homogeneoak. Imajina ditzakegun diskriminazio egoera guztiak gauzatzen dira oraindik, eta horiek zerikusia dute errealitatea begiratzeko eta ulertzeko moduarekin", dio Poncek.
Azken urteetan intersekzionalitatea deitzen den joera ari da nabarmentzen. Joera honek diskriminazio egoeren logikak aztertzen ditu. "Intersekzionalitatearen arabera, diskriminazio egoerak faktore askoren elkarreraginaren ondorioz gertatzen dira. Eta lanketa bat burutzean, ezin gara aldagai batean gelditu. Aztertu behar dugu pertsona hori emakumezkoa edo gizonezkoa den, etorkina den edo ez, gaitasun eza duen edo ez...". Joera horrek, beraz, errealitate anitza hainbat ikuspuntuetatik aztertzen du. "Genero diskriminazioa edo perspektiba lantzean, ezin gara bakarrik generoaren aldagaian gelditu", jarraitu du.
Guztira, 50 bat lagunek eman dute izena jardunaldietan, eta pozik agertu da Ponce. "Halako espazioetan lan egitea onuragarria da. Ezagutzak handitzea dakar; izan ere, besteek lan egiten duen esparruko errealitateak ezagutzen dira", adierazi du.
Gaurko saioko lehen hizlaria Dolores Montoro Deustuko ikertzailea izango da. Ondoren, Rosa Llurbak adineko emakumeen inguruan hitz egingo du, eta, bukatzeko, Alba Perez izango da emakume gazteen errealitateaz mintzaten. Bihar 10:20an hasiko da saioa,emakume nekazarien inguruan hitz eginez. Jarraian, Malen Etxeko Silvia Carrizok etxeko emakume langileek jasaten duten diskriminazioa aztertuko du. Poncek, aldiz, Euskal Herrian egin diren ekintzetan jarriko du arreta.
EGITARAUA
Urriak 27, gaur
- 17:00-17:20. Harrera.
- 17:20-17:45. Jardunaldiaren aurkezpena.
- 17:45-18:45.
Askotariko desparekotasunaren aurrean intersekzionalitatea eta ekintza feminista hitzaldia, Dolores Montoro ikertzailearen eskutik.
- 18:45-20:30.
Emakumeen aniztasuna eta askotariko diskriminazioa mahai ingurua. I. Gaia: desparekotasunak eta biolentziak adineko emakumeetan, Rosa Llurbaren eskutik. II. Gaia: desparekotasunak eta biolentziak emakume gazteetan, Alba Perezen eskutik.
- 20:30: Saioaren amaiera.
- 21:00: Afaria.
Urriak 28, bihar
- 10:20-11:20.
Emakumeen aniztasuna eta askotariko diskriminazioa mahai ingurua. Gaiak: desparekotasunak eta biolentziak emamuke nekazariengan eta etorkinengan.
- 11:20-11:40. Atsedena.
- 11:40-13:00: Lan taldeak.
- 13:00-14:00. Partekatze lanak.
- 14:00-14:20. Emanaldia: Izare poesia akustikoa.