Zumaiako Institutuak eta Oikiako eskolak eraikin berriak izango dituzte

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko urriaren 26a

Eusko Jaurlaritzaren eta Zumaiako Udalaren elkarlanaren emaitza dira proiektuak. Horiez gainera, bi aterpe handi eraikiko dituzte Sagarbiden eta Aita Mari eskolan

Ezkerretik eskuinera: Ibarguren, Garamendi, Korta eta Iruretagoiena. (Izaskun Urbieta) Zumaiako Institutuak eta Oikiako Eskola Txikiak izango dituzten eraikin berrien proiektuak aurkeztu zituzten atzo Zumaiako Herri Eskolako Sagarbide eraikineko aretoan. Agerraldian parte hartu zuten Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Oier Korta Zumaiako alkateak, Maribel Ibarguren Zumaiako Herri Eskolako zuzendariak eta Kontxi Iruretagoiena Oikiako eskolako ikasketa buruak. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Zumaiako Udalaren arteko elkarlanaren fruitua da eraikin berrien proiektua. Garamendiren ustez, elkarlanak "Zumaiako herriari eta bertako familiei eta bizilagunei eragiten dien hobekuntza eta azpiegitura lanak aurkeztea ekarri digu. Horrelako ekintza edo azpiegitura bat martxan jartzeak, hezkuntzaren kalitatean ere berme eta eragin zuzena dauka". Bi eraikin berriak DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara zuzendutako eraikin berria udalak hezkuntzarako bideratuta duen eremuan egingo da, Aitzuri frontoiaren parean. Eraikin berri horrek 2.482 metro koadro izango ditu, eta 5 milioi euro inguruko kostua. Guztira, hamar ikasgela eta 250 ikaslerentzako tokia izango du. Ikasgelez gain, hainbat baliabide eta instalazio izango du; besteak beste, bi banaketa-gela, hezkuntza premia berezietarako bi ikasgela, liburutegi-mediateka, teknologia tailerra, zientzia laborategia eta gimnasioa. Oikiako eskola martxan Oikiako eskola berriaren lanak pauso bat aurrerago doaz, Garamendi sailburuordeak azaldu duenez: dagoeneko, lanen lizitazioa martxan da. Solairu bakarreko ikastetxea eraikiko dute. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1,7 milioi euro bideratuko ditu. Udalak utzitako lur sailean eraikiko dute eraikin berria, 733 metro koadroko azaleran. Besteak beste, 2 urteko gela, bi gela arrunt, erabilera anitzeko gela, talde txikientzako gela, liburutegia, jangela eta kanpoko aterpea izango ditu. Kontxi Iruretagoiena Oikiako eskolako ikasketa burua pozik agertu da proiektuarekin. "Gaur egungo eskola Oikiako plazan dago, aspaldiko eraikin txiki bat da. Gaur egun 2-12 urte bitarteko 37 ikasle ditugu, ez dira gehiegi, baina bai dugun tokirako. Jangela ere frontoiaren aldamenean dugu, soinketa egitera frontoira joaten gara... Herrian ibiltzen gara bideak gurutzatzen, eta arriskutsua da. Proiektua diseinatuta dago: oso polita eta egokia da. Ea epeak betetzen diren eta datorren urte amaierarako lanak hasten diren". Proiektu berri honek eskola txikiari bultzada emango diola eta auzoa biziberritzen lagunduko duela uste du Iruretagoienak. Bi aterpe berri Obra nagusi horiez gain, aterpe berri bat egingo dute Zumaiako Sagarbideko eremuan. "Eskolarentzako arnasgune bat izango da, bertan hainbat ekintza egiteko aukera izango delako. Gainera, eskola orduetatik kanpo, herriari zabaldu nahi diogu", azpimarratu du alkateak. Hala, gune berri hori eraikitakoan, kiroldegian dagoen leku faltari irtenbidea eman nahi diote. "Herriko ekitaldientzako ere zuzenduko da estalpe berria; izan ere, herriko handiena izango da, 1.700 metro koadrokoa". Sagarbidekoaz gain, beste estalpe berri bat ere eraikiko dutela azaldu dute: Haur Hezkuntzako eraikinean (Aita Mari eskolan). Lan horiek udalak hartuko ditu beregain, eta 160.000 euroko kostua izango dute. Alkatearen iritziz, proiektuek "eragin zuzena eta positiboa" izango dute herriko hezkuntza publikoan. "Aurkeztu duguna agintaldiko lorpen handienetakoa da. Herriak hezkuntzan zituen beharrak asetzea eta irtenbide bat aurkitzea izan da gure helburua. Izan ere, hezkuntzan inbertitzea, etorkizunean inbertitzea da", azpimarratu du Kortak. Maribel Ibarguren Haur Hezkuntzako eskolako zuzendariak eskerrak eman dizkie Hezkuntza Sailari eta udalari egindako urratsengatik: "Berri onak dira, eta pozik gaude. Herri eskolak proiektu sendo bat dauka momentu honetan, herrian oso integratua dagoena eta 1.300 ikasle ingururekin. Komunitate osoaren inplikaziorik eta partaidetzarik gabe ezinezkoa izango zen guztia aurrera eramatea. Noski, horretan azpiegiturek, espazioek eta eraikinek ere bere garrantzia dute. Espero dugu administrazioek eskola publikoaren alde apustua egiten jarraitzea. Behar denak ez dira bermatzen, baina batzuk bai eta bidean goaz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide