Aldi baterako 11 lanposturen deialdia egin du Urola Kostako Udal Elkarteak

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 25a

Lanerako zailtasunak dituzten pertsonei "enplegagarritasuna handitzea" da helburua. Sei hilabetekoak, lanaldi osokoak eta luzapenik gabekoak izango dira kontratu guztiak

Zarauzko Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoa. (Maria Maya Manterola) Enplegua sustatzeko 2017ko planaren barruan, 11 pertsona aldi baterako kontratatzeko deialdia egin du Urola Kostako Udal Elkarteak. Lanerako zailtasunak dituzten pertsonei «enplegagarritasuna handitzea» da deialdiaren helburua, aldi bateko lan esperientziaren bitartez. Lehentasuna izango dute DBE (RGI) laguntza jasotzen dutenek, emakumeek eta 55 urtetik gorakoek. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren 2017ko uztailaren 27an argitaratutako baldintza guztiak beteko ditu lan eskaintzak. Hau da, lan-eskaintzaren bidez kontratatzen diren pertsonen ezaugarriekin honako baldintzak beteko dira: bost pertsona izango dira emakumeak; lau pertsona izango dira diru sarrerak bermatzeko errentaren titularrak, eta lau pertsona izango dira 55 urtetik gorakoak. Lehenik eta behin, baldintzak betetzen dituzten eta hautaketa prozesuan puntu gehien dituzten pertsonekin beteko dituzte aldi baterako lanpostuak. Prozesu horren ondoren, eskainitako lanpostuak betetzen ez badira, lan-esperientzian, prestakuntzan eta elkarrizketan edota talde dinamikan eskuratutako puntuen batura hartuko du kontuan Urola Kostako Udal Elkarteak. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa izango da azaroan edo abenduan hasita, eta lanaldi osokoak eta luzapenik gabekoak izango dira denak. Lorezaintza, igeltsaritza eta margoketak egiteko zortzi peoi, lan arriskuen prebentzioen arloko teknikari bat, enplegu hobi berriak identifikatzeko teknikari bat eta enpresen arteko lankidetza bideratzeko euskarriak kudeatuko dituen teknikari bat izango dira deialdiaren bidez beteko diren lanpostuak. Deialdiaren oinarriak eta argibideak eskura daitezke urolakosta.eus webgunean.

Bailarako enpresen gida eguneratu dute

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresen gida eguneratua interneten zintzilikatu du Urola Kostako Udal Elkarteak, enpresen informazio zehatzarekin. Bailarako merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta enpresen informazioa eskura daiteke bilatzaile nagusi baten bitartez, ordenagailuz edo sakelako telefonoaren bidez. Enpresa jakin bat mapan kokatzeko, bere fitxak edo datuak ikusteko (webgunea, datuak, telefonoa, posta elektronikoa, helbidea), enpresen webguneetara jotzeko edo enpresen zerrendak egin eta deskargatzeko aukera ematen du enpresen gida berriak. Mapan agertzen diren enpresek eta establezimenduek aukera dute mapan bertan agertzen den informazioa edota enpresaren datuak eguneratzeko. Urola Kostako Udal Elkarteak datuak egiaztatu ondoren, mapan gehituko du enpresa. Enpresak gehitzeko eta ezagutzera emateko, berriz, Urola Kostako Udal Elkartearekin harremanetan jarri eta oinarrizko fitxa beteta bidali beharko zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide