8 eta 21 urte arteko zigor eskaerak, presoen babes taldeetako kideentzat

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 23a

Auzipetuen artean dira Eneko Ibarguren eta Nagore Garcia Herrirako kideak eta Ainhoa Baglietto abokatua. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatzen diete auzipetuei. Ez dute epaiketarako datarik jakinarazi, baina fiskalak zigor eskaera oso altuak egin ditu. Azpeitiko EH Bilduk babesa agertu die 48 auzipetuei.

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 48 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Abokatuak nahiz Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako kideak dira auzipetuak, eta tartean dira Ainhoa Baglietto zarauztarra, Eneko Ibarguren azpeitiarra zein Nagore Garcia zumaiarra. Epaiketarako datarik jakinarazi ez badute ere, fiskalak zigor eskaerak egin ditu dagoeneko: 8 eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetuentzat. Baglietto abokatua da, eta talde terroristako kide aktiboa izatea egotzita, 11 urteko espetxe zigorra eta 8 urteko gaitasungabetzea galdegin du fiskalak harentzat; Ibarguren eta Garcia Herrirako kideak ziren, eta 13 urte eta 6 hilabeteko espetxeratzea eskatu du bientzat, talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatuta. Gainera, 4.800 euroko isuna eta 8 urteko inhabilitazioa eskatu ditu fiskalak bakoitzarentzat. Kartzelaldia bukatzean, 48 auzipetuek 4 eta 8 urte igaro beharko dituzte zaintzapean. Auzipetuetako batzuek agerraldia egin zuten larunbatean Donostian, eta haiei babesa ematen bertan izan ziren,  besteak beste, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Ekhiñe Atorrasagasti kazetaria. Auziak "kezka" sortzen diela esan zuten: "Horrelako makrosumarioek Euskal Herriko bizitza sozialean eta politikoan izan dezaketen eraginak arduratu egiten gaitu". Horregatik, "ezberdintasun ideologikoen gainetik eta nork bere esparrutik», salaketa egitasmoetara batzeko deia egin zieten eragile politikoei, sindikalei nahiz instituzionalei. 2012tik 2014ra artean terrorismo delituak egin izana leporatzen diete 48 auzipetuei, nahiz eta auzi bidean jarri dituzten elkarteak nahiz abokatuak euskal presoen eskubideen defentsan aritu diren lanean. "Bakearen alde lan egin dute, modu publikoan eta transbertsalean", azaldu zuten agerraldian. Auzipetuek "giza eskubideen defentsan, demokraziaren alde eta etorkizun kolektibo hobe baten alde" aritzeko hartutako konpromisoa berretsi zuten. Auzipetuei "babesa" Azpeitiko EH Bilduk babesa agertu die Ibargureni eta gainerako auzipetu guztiei. Koalizioak esan du, "onargaitza" dela ETAk armak utzi eta sei urtera, "dena ETA da lelopean mendekuan oinarritutako jokoarekin segitzea". EH Bilduk 2013an egin zuen moduan, "bestelako espetxe politika" bat aldarrikatu du, eta lana egiteko konpromisoa agertu du. "Espainiaren espetxe politikak Europatik hainbat salaketa jaso du: torturengatik, sakabanaketa politikarengatik, mehatxuengatik... hori aldatzeko lanean jarraituko dugu". Bestalde, Azpeitiko koalizioak esan du "beharrezkoa" dela Ibargurenek eta beste 47 auzipetuek egindako lan politikoa, "presoen eskubideak babesteko eta injustizien aurka egiteko". EH Bilduk epaiketa bertan behera uztea eskatu du, eta 48 auzipetuei babesa agertzeaz gain, "espetxe politika eta haren mekanismo guztiak" salatu ditu. "Konpromiso politiko irmoa hartzen dugu aldaketara bidean urratsak egiteko, eta justuagoa den eredu baten alde lanean aritzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide