Iraetatik Narrondora arteko bidegorria aldarrikatzeko martxa egingo dute hilaren 28an

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 20a

Antolatzaileek dei egin die herritarrei martxan parte har dezaten. (Arroako bidegorriaren aldeko taldea) Arroabeko bidegorriaren aldeko taldeak, Zestoako Astindu taldearekin elkarlanean, martxa antolatu du hilaren 28rako. Iraetatik Narrondora arteko bidegorria zatia egitea, eta, beraz, Urola bailarako sare osoa amaitzea eskatuko dute martxaren bidez, eta bi ibilbide izango ditu. Ibilbide bat Lasaotik Arroako autobideko biribilguneraino izango da. Ibilbide horretakoak 10:30ean abiatuko dira Lasaotik, eta Zestoa eta Iraeta zeharkatuko dituzte, biribilgunera iritsi arte; beste ibilbidea, berriz, Zumaian hasiko da. 11:30ean, Beheko Plazatik irtengo dira partaideak, eta Narrondo eta Arroabetik igaro ondoren, beste ibilbidekoekin elkartuko dira biribilgunean. Behin guztiak elkartuta, 12:30ean ekitaldia egingo dute han. Ondoren, festa izango da Arroabean, musikarekin eta pintxoekin. Arroabeko auzotarrak aspalditik ari dira eskatzen Zestoa eta Narrondo artean egiteko falta den zatia bukatzeko, eta azken urtebetan, hainbat bilera egin dute erakundeekin eta herrian bertan. Izan ere, bi norabidetara bideratu dituzte beren aldarrikapenak. Batetik, instituzioetara jo dute, eta Zestoako eta inguruko udalekin, Batzar Nagusiekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkartu dira, besteak beste: "Urtebete honetan erakunde horiek guztietako ateak jo ditugu, eta hitz politak baino ez ditugu entzun: gu entzuteko prest daudela, ados daudela bidea amaitu beharra dagoela... Baina errealitatea da hitz polit horiek ez dutela inongo ekintzarik ekarri"; bestetik, kalera atera dira azken hilabeteetan, eta hainbat ekimen egin dute eragileekin. Hilaren 28ko martxak ere "elkarte askoren babesa" jaso duela adierazi dute antolatzaileek, eta herritarrei dei egin die martxan parte har dezaten.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide