Alex Odriozolak irabazi du Itzurunen jokatutako bodyboardeko proba

Baleike 2017ko urriaren 16a

Euskal Bodyboard Zirkuituko bigarren proba jokatu da gaur [atzo] Itzurun hondartzan. Iaz lortutako garaipena berretsi du gaur Alex Odriozola kirolari zumaiarrak. Kirol hau egiteko baldintza ezin hobeak izan dira Itzurunen. Eguraldi eguzkitsua, hego haizea eta sekulako olatuak riderren maniobrak ikusteko. Hala adierazi digu Jon Lopez zumaiarrak finalaren atarian. Jende kopuru polita inguratu da Itzurunen egun osoan zehar eta kirolariek hori ere txalotu dute. Euskal Bodyboard Zirkuituko bigarren proba etxean geratzeko aukera handiak zeuden, finalera pasa diren lau kirolarietatik hiru Zumaia bertakoak zirelako: Alex Odriozola, Xabier Urrestilla eta Jon Lopez. Laugarren finalista Pablo Zabala sopelarra izan da. Tamalez, ikuskizunari dagokionez, barealdia izan da eta ez dira aurreko txandetan bezalako olatu ederrik izan. Odriozolak Itzurun primeran ezagutzen duela erakutsi du beste behin ere, eta 30 minutu iraun duen finalean lehen faseetatik buruan joan da. Une batean Zabala bizkaitarra hurreratu zaio, baina Alexek 10 puntuko olatu batekin erantzun dio. 17,67 punturekin irabazi du Odriozolak txapelketa hau. Zabala bigarren izan da, 14,43 punturekin, Urrestilla hirugarren 12,17 punturekin eta Jon Lopez laugarren 10,5 punturekin. Jarraitu albistea irakurtzen eta argazki gehiago ikusten Baleike.eus-en.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide