(Argazkia: Bertsoa)
Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdena jokatu dute gaur, 17:00etatik aurrera, Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta Urola Kostako bi bertsolari lehiatu dira bertan:
Jon Maia eta
Beñat Lizaso. Etxahun Lekue, Maddalen Arzallus, Xabat Galletebeitia eta Eneko Lazkoz aritu dira haiekin batera kantuan, eta honako puntu kopuru hauek lortu dituzte saioan: Lekuek 673, Arzallusek 670, Maiak 662,5, Lizasok 646,5, Galletebeitiak 636 eta Lazkozek 607.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako azken saioa izanik, gaur erabaki da zein bertsolari pasa diren finalaurrekoetara. Batetik, zuzenean igaro dira hurrengo fasera sei final laurdenetako irabazleak: Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue. Horrez gain, honako hauek egin dute aurrera, puntuazioz: Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Unai Agirre, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Jon Maia, Jone Uria, Nahikari Gabilondo, Miren Artetxe, Beñat Iguaran eta Aimar Karrika. Beraz, Urola Kostako bi bertsolari ariko dira kantuan hurrengo fasean: Jon Maia eta
Nahikari Gabilondo.
Hastear den bigarren fase honetara duela lau urteko txapelketan finalista izan ziren sei bertsolari batuko dira:
Aitor Mendiluze,
Aitor Sarriegi,
Beñat Gaztelumendi,
Igor Elortza,
Maialen Lujanbio eta
Sustrai Colina. Guztira, 24 bertsolari lehiatuko dira bigarren fasean, eta bi itzuli izango ditu: lau finalaurreko izango dira lehenegoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Urriaren 28ko lehen finalaurrekoan abestuko du Nahikari Gabilondok, Bastidan (Araba); Jon Maiak, berriz, Durangon (Bizkaia), azaroaren 12an.