2018ko udal aurrekontuak osatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu Zumaiako Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 13a

Zumaiarrek urriaren 16tik azaroaren 15era bitarteko epea dute proposamenak egin edota iritzia emateko

Datorren urteko, 2018ko, udal aurrekontuak prestatzen hasi dira Zumaiako Udaleko arduradunak. Hori dela eta, iaz bezalaxe, aurrekontuak osatzeko zumaiarrek izan ditzaketen proposamenak jasotzeko asmoa du udalak. Proposamenak egiteko epea urriaren 16tik azaroaren 15era bitartekoa da, eta horretarako bideak dira: Zumaiako Udalaren webgunearen bidez, helbide elektronikoz (aurrekontuak2018@zumaia.eus) eta datorren astean etxeetara banatuko duten udal aldizkarian ekarpenak egiteko inprimakia beteta (inprimakia Alondegian eta udaletxeko sarreran jarriko dituzten postontzietako batean utzi beharko da). Udal Gobernuak adierazi duenez, herritarren proposamenak eta iritziak bilduta, "datorren urtean Zumaian aurrera eramango diren proiektuek herritarren beharrei, eskaerei eta iradokizunei erantzun diezaieten" nahi du udalak. Era berean, herritarren inplikazioa eta parte hartzea sustatu nahi ditu, "etorkizuneko Zumaia eraikitzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide