Jon Maia: "Txapelketako nire helburua gauza onak eta politak egitea da"

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko urriaren 13a

Zazpigarren Euskal Herriko Txapelketa du Maiak. 20 urte dira azkenengoz Euskal Herrikoan final laurdenetan kantatu zuela.

Jon Maia. (Juan Luis Romatet) Hasi berri dena zazpigarren Bertsolari Txapelketa Nagusia du Jon Maiak (Urretxu, 1972), baina ez daki azkena izango duen ala ez. Duela 20 urte aritu zen azkenengoz final laurdenetan, eta azken Txapelketa Nagusiko irristada ahaztea eta gozatzea nahi du. Orain arte jokatu diren bost final laurdenetan, nolako maila ikusi duzu? Txapelketan beti izaten da maila ona, eta oraingoan ere hala dago. Denok lurraldekako txapelketetatik gatoz, galbahe bat pasatuta. Oro har, orain artekoak saio onak izan dira, eta bertsotan ondo egiten duen jende asko ikusi ahal izan dugu. Nola ari zara txapelketa prestatzen? Nire kasa aritzeaz gain, txapelketan parte hartzen ari diren beste bertsolari batzuekin elkartzen naiz. Horiekin simulazio ariketak egiten ditut batik bat, hau da, txapelketako ariketak, eta elkarrekin komentatzen ditugu. Txapelketak batu egiten al ditu bertsolariak? Hein batean, bai. Izan ere, txapelketa prestatzeak taldean biltzea eta konpartitzea dakar, eta hori da daukan gauza politenetako bat. Txapelketa bakoitza zure burua birziklatzeko eta aurrera egiteko aukera bat da; nik horrela sentitzen ditut beti. Biharko saiora begira, nola ikusten duzu zure burua? Lanera noa. Bertsotarako lagun onak diren bertsolariak izango ditut bertsolagun, eta gustura nago. Gehienak plazarik plaza dabiltza, maila onean, eta horrek sentipen ona sortzen dit. Nire lana egitera joango naiz, eta saioaren bukaeran ikusiko dugu zein den emaitza. Badakizkizue aurreko saioetako emaitzak. Abantaila da hori? Ez naiz batere kalkulatzailea, eta ez dut horretan pentsatzen. Azkenean, oso zaila da puntuazio jakin bati begira kantatzea. Bertso bakoitza ahal duzun ondoen osatzen duzu; halere, erabaki dezakezu gehiago edo gutxiago arriskatzea. Nire bizitzako saioa egiten ahaleginduko naiz, eta ea zer ateratzen den. Beñat Lizaso ere Tolosan ariko da. Nola ikusten duzu? Bertsolari bikaina da, eta Euskal Herriko Txapelketan badago, onenen artean dagoelako da. Entzun dudan guztietan, bertsotarako lagun bikaina dela ikusi ahal izan dut. Onena desio diot. Zer helburu duzu txapelketarako? Disfrutatzea nahi dut. Uste dut, dagoeneko, sufritu beharreko dena sufritu dudala. Zazpigarren txapelketa da hau niretzat, eta txapelketa polita egitea nahi dut. Hori da nire helburua: gauza onak eta politak egitea. Noski, sailkapenean ahalik eta goren gelditzea nahi dut. Berrikuntzaren bat aurkeztuko duzu? Bai, doinu berri bat daukat pentsatuta, baina ikusiko dut noiz aurkeztu. Azken Txapelketa Nagusian ez zinen finalera sailkatu. Orduko arantza kendu nahi al duzu? 2013ko txapelketa bukatu ondoren, bi aukera nituen: Euskal Herriko Txapelketako ibilbidea istripu deitzen diodan harekin bukatu edo lan egin berriz parte hartzeko eskubidea irabazteko. Bigarren aukeraren aldeko hautua egin nuen, eta ordutik honako bidea luzea izan da. Duela bi urte zerotik hasi behar izan nuen Gipuzkoako Txapelketan. Txapelketa Nagusian aritzeko aukera lortu nuen, eta hori bertsolaritzak eman didan aukera berri bat dela sentitzen dut; neuk irabazi dudan eta neure buruari egin diodan opari bat da. Horregatik, ahal bezain beste disfrutatu nahi dut. Lanerako prest noa, eta azken txapelketan gertatu zitzaidana eta gero, eskarmentua dut. Gainera, azken lau urte hauetan frogatu dut ez dela ezer bukatzen Euskal Herriko Txapelketan ez baduzu ibilbide luzea egiten. Beldur diogu kolpe handi bat hartzeari. Nik duela lau urte hartu nuen, baina beti bezala jarraitu dut kantatzen. Mamu asko kentzeko balio izan dit kolpeak, eta orain talante berri bat daukat, ez dut beldur hori. Ez badut lortzen goraino iristea, ez da ezer gertatuko. Beraz, finalera ez iristea ez da porrota izango? Ez iristeak dakarren porrot sentsaziotik libratu naizela uste dut. Hori bai, ahalik eta goren iristea nahiko nuke. Izena duzu bertsolaritzaren historian. Horrek gainkarga eragin al dizu lau urteotan? Gipuzkoako Txapelketan gaizki pasatu nuen, oso urduri jarri nintzen eta gogorra izan zen. Segurtasun falta handia sentitu nuen, eta psikologikoki nerabezarora igarotzea bezalakoa izan zen. Ordura arteko bide guztia eta konfiantza galdu nituela sentitu nuen. Zeharkaldi gogorra egin zitzaidan, eta Ilunbeko finalera oso nekatuta iritsi nintzen.Gainera, txapelketa hartan lehen aldiz parte hartzen ari zen jendearekin kantatu nuen, adinez bikoiztu egiten nituen asko, eta horrek ere eragin zidan. Ez nintzen kapaz izan horretaz libratzeko. Orain, berriz, badakit inor ez dela inor baino gehiago. Badakit edonor eror daitekeela; beraz, umiltasunez joango naiz Tolosara. Urte asko dira final laurdenetan abestu ez duzula. Azkena, 1997an, 25 urterekin, izan zen. Ordezko bezala hasi eta finalera iritsi nintzen. Hogei urte igaro dira, zifra borobila da, eta, tartean, final hartara arteko bertsolaritza ibilbideaz liburua kaleratu dut. Orain, antzeko bide bat egin behar dudalakoan nago. Izan ere, inor ez dago goian betirako, inork ez dauka ezer ziurtatuta bere izenagatik. Hori jakin arren, igoal, bizitzak modu gogor batean gogorarazten dizu. Gazteak eta emakumeak indartsu datozela ikusi ahal izan da orain arteko saioetan. Normala iruditzen zait emakumeek irabaztea, badakit-eta emakume horiek zer maila duten. Ez nau harritu batere. Txapelketa honetan belaunaldi berrien indarra ikusten ari gara, beraien garaia da. Azken txapelketa izango al duzu? Pentsatzen dut horretan, baina ez dakit zer izango den. Txapelketak berak esango dit, ez dut nik erabakiko.

MOTZEAN:

Bertsolari bat? Pello Errota. Nori kantatuko zenioke bertsoa? Entzuteko prest den edonori. Doinu bat? Bat ez, asko. Bertsotarako plaza bat? Tolosako Beotibar. Bertsotarako lagun bat? Ez nuke bakar bat esango. BECera iritsiko bazina? Poz handia; gozatzera joango nintzateke. Txapelketako ariketa bat? Egin ostean jakingo dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide