Nerea Ibarzabal gaurko saioan. (Bertsozale.eus)
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bosgarren saioa Zumaian jokatu dute gaur, eta Nerea Ibarzabal markinarra nagusitu da 698,5 puntu batuta. Saioa irabazi duenez, zuzenean sailkatu da Ibarzabal finalerdietara.
Bigarren Nahikari Gabilondo zarauztarrak egin du 661,5 puntu eskuratuta, eta dagoeneko lortu du hurrengo faserako, finalerdietarako, txartela; izan ere, saio baten faltan 12. postuan dago zarauztarra, eta guztira 18 bertsolari pasatuko dira hurrengo fasera. Beraz, datorren asteko saioan gertatzen den gertatu, Gabilondo finalerdietan izango da.
Miren Artetxek Gabilondoren puntuazio berdina jaso du gaurko saioan, baina datorren saioan gertatzen denaren zain egon beharko du finalerdietan izango den edo ez ikusteko. Laugarren Arkaitz Oiarzabal
Xamoa izan da (627,5), Asier Otamendi bosgarrena (617,5) eta Ibon Ajuriagojeaskoa seigarren (616).
Honako lotura honetan ikus daiteke final laurdenetako sailkapen orokorra.
Aitzuri pilotalekua ehunka bertsozalez bete da, eta saio polita eskaini dute sei bertsolariek. Askotariko gaiak jarri ditu Marta Ugartek, eta ikusleei barrea ateratzea ere lortu dute bertsolariek.
Azken final laurdena datorren larunbatean jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan. Beñat Lizaso azpeitiarrak eta Jon Maia zumaiarrak kantatuko dute saio horretan, Etxahun Lekuerekin, Eneko Lazkozekin, Maddalen Arzallusekin eta Xabat Galletebeitiarekin. 17:00etan hasiko da saioa.